Gizartea -
Ikasturte berria
EHUk 45.000 ikasle eta 108 gradurekin ekingo dio ikasturte berriari
Matrikulazio guztietatik, 8.700 ikasle berriak dira. Ebaketa-notarik altuena izan duen gradua Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa izan da, 12,874. Guztira, 35.700 pertsonak baino gehiagok gradu bat egingo dute, eta 10.000k graduondoko edo etengabeko prestakuntza.
EITB Media
2024-2025 ikasturteari pixkanaka emango dio hasiera Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Aurten izango dituen, 45.000 ikasleak hurrengo egunetan hasiko dira klaseetara joaten. Aurten, 35.700 pertsonak baino gehiagok graduko ikasketak egingo dituzte, eta 10.000k baino gehiagok graduondoko edo etengabeko prestakuntza. Horietatik, 8.700 ikasle sartu berriak dira.
Ikasle berrien % 75,27k egindako lehen aukeran lortu du plaza, eta beste % 14,83k bigarren aukeran. Ebaketa-notarik altuena Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitzarena izan da (12,874). Atzetik datoz: Biomedical Engineering (12,804); Medikuntzako graduak gaztelaniaz (12,728); Biokimika eta Biologia Molekularra (12,639); Odontologia (12,630); Bioteknologia (12,410); Double Bachelors Degree in Business and Economics (12,375); Medikuntza euskaraz (12,366); Fisika (12,234); Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Ingeniaritza Elektronikoa eta Automatikoa (12,162); Matematika (11,956); eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza (11,918).
Ikasle berrien % 58,24 emakumeak dira eta % 42,76 gizonak. Aukeratutako hizkuntzari dagokionez, % 55,17k graduko ikasketak euskaraz egingo dituzte, eta % 44,83k gaztelaniaz. Campusak kontutan hartuta, % 53,44 Bizkaiko Campusean matrikulatu da, % 25,85 Gipuzkoakoan eta % 20,60 Arabakoan.
108 gradu
Aurten, EHUk gradu berri bat eskaini du Logopedian. Gradu hori Gipuzkoako Campuseko Psikologia Fakultatean emango da, eta prestakuntza-ibilbide duala izango du. Horrela, eskaintza 108 gradutara zabaldu da.
Graduko prestakuntza dualari dagokionez, 16 prestakuntza-proiektu dual eskaini dira, eta horietako bik nazioarteko osagai berritzailea dute. Prestakuntza duala alde batera utzita, ia ikasle guztiek dute EAEko enpresetan, erakundeetan, GKEetan edo elkarteetan kanpoko praktikak egiteko aukera. Hala, 2023-2024 ikasturtean 13.378 praktika inguru egin ziren, horietatik % 40 borondatezkoak.
Eskainitako hamabost gradu bikoitzek ere, oro har, aparteko harrera izan dute.
Era berean, gradu gehienetan ikasgaiak ingelesez (dagoeneko 800 baino gehiago eskaintzen dira) edo beste hizkuntza batzuetan (180 inguru) egin daitezke. Bost graduk Unibasqek bere ikasleen nazioartekotzea sustatzeagatik ematen duen nazioarteko aipamena dute, eta lau ikasletik batek gutxienez lauhileko bat egingo du beste unibertsitate batean, atzerrian edo Estatuan.
Masterrak eta graduondokoak
Bestalde, EHUk 100 unibertsitate-master baino gehiago eta 70 doktoretza-programa inguru eskainiko ditu ikasturte honetan.
Aurten 9 master eskainiko dira Erasmus Mundus kategorian. Horietako 4 EHUk koordinatzen ditu, eta kategoria horretako master gehien gidatzen dituen Estatuko unibertsitatea da hori. Master horiek Europako Batzordeak deialdi lehiakor batean hautatutako programei ematen dien bikaintasun-zigilua dute.
Euskal unibertsitate publikoaren graduondoko eskaintzaren nazioartekotzea gero eta zabalagoa da. Ikasturte honetan nazioarteko 28 titulazio eskaintzen ditu, eta horietatik 15 titulu bikoitzak dira (bai UPV/EHUtik bai atzerriko unibertsitate batetik tituluak lortzen dituztenak).
Dagoeneko lanean daudenak birkualifikatzeko prestakuntza-eskaerari erantzuteko, etengabeko prestakuntzako titulazioen kopurua 72ra igo da aurten, eta, lehen aldiz, prestakuntza eskainiko da mikrokredentzialen formatuan, enpresen eta erakundeen eskariari erantzuteko.
Azkenik, 67 doktorego-programa eskaintzen dira jakintza-arlo guztietan. Programa horietarako aurrez izena emateko epea irailaren 27ra arte egongo da zabalik.
Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusia ostegunean, hilak 12, izango da Areto Nagusian (Bizkaiko Campusa), Imanol Pradales lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea buru direla.