Gizartea -
2024-2025 ikasturtea
Ikasleen % 70ak D ereduan egingo ditu ikasketak
360.000 ikasle gaur itzuliko dira ikasgeletara. Sare publikoan matrikulazioak gora egin du. Haur eta Lehen Hezkuntzan % 53koa da. Orokorrean, matrikulazioen % 51,6 sare publikoan egin da eta % 48,4 itunpekoan.
EITB Media
Udako oporraldiaren ondoren ostiral honetan hasiko dira eskolak ofizialki Euskal Autonomia Erkidegoan. 358.463 ikasle itzuliko dira ikasgeletara unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara.
2024-2025 ikasturtean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulazioak % 3 inguru jaitsi da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, zifra orokorrak aurreko ikasturtearen oso antzekoak dira. DBHn, 92.334 ikasle matrikulatu dira, eta Batxilergoan, 33.202. Aurreko urtearekin alderatuz, Lanbide Heziketak igoera izan du matrikulazioetan. % 6,18 hazi da matrikulazioa, eta 48.772 ikasle arituko dira Lanbide Heziketan.
Sare publikoan matrikulazioak gora egin du. Haur eta Lehen Hezkuntzan % 53koa da. Orokorrean, matrikulazioen % 51,6 sare publikoan egin da eta % 48,4 itunpekoan.
Hizkuntza-ereduari dagokionez, sare publikoko matrikulazioen % 94 D ereduan egiten da. Bi sareak kontuan hartuta, D ereduak matrikulazioen % 70 hartzen du, eta hazi egiten da hezkuntza-etapa guztietan. Nabarmentzekoa da Lanbide Heziketako matrikulen gorakada D ereduan, % 27tik % 30era. B ereduak matrikulazioen % 16 du, eta A ereduak % 13.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Zarautzen, Orokieta Herri Eskolan, emango diote ikasturteari hasiera. Imanol Pradales lehendakariak "autoexijenteak" izatea eskatu du kalitate goreneko hezkuntza lortzeko. Bestalde, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak aurreratu du 2024-2025 ikasturtean euskal eskola publikoa eraldatzeko eta hobetzeko I. Plan Estrategikoa garatzeko lan egingo dela.