Gizartea -
Osasuna
Osasun Sailak papilomaren aurkako txertoa emango die 12 eta 25 urte arteko pertsonei
Aldaketak egin ditu sexu-bidezko gaixotasunen transmisioari aurre egiteko protokoloan eta, aurrerantzean, txerto bakarra emango die, eta 12 urtekoen kasuan eskola-eremuan ezarriko da, aurtengo ikasturtean.
eitb media
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, 2024-2025 ikasturtean, giza papilomaren aurkako txertaketa zabalduko du sexu-bidezko gaixotasunen transmisioari aurre egiteko, eta 12 eta 25 urte arteko gazte guztiei eskainiko die.
Gainera, Jaurlaritzak baieztatu duenez, protokoloa aldatu egingo da: bi dosi eman beharrean, bakarra emango da. Erabakia Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraiki hartu da, Espainiako Osasun Ministerioaren Txertaketen Programari eta Erregistroari buruzko Ponentziaren gomendioen berrikuspenean eta 2 dosiko pautatik dosi batera pasatzea bermatzen duen ebidentzia zientifikoan oinarrituta.
2013an jaiotako haurren kasuan, hau da, Lehen Hezkuntzako 6. maila egiten ari diren ikasleentzat, eskola-eremuan egingo da txertaketa.
Aldi berean, 25 urtera arteko ikasleak erakartzeko ezohiko kanpaina bat egingo da, eskola-eremuan eta osasun-zentroetan, Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez.
Gainera, txertatzeko aukera emango zaie arrisku-egoeran dauden pertsonei, tartean "gizonekin sexu-harreman arriskutsuak" dituzten gizonezkoei edo prostituzioarekin lotutako praktikak izan dituztenei 45 urtera arte, eta zerbixean maila altuko lesio intraepitelialaren ondoriozko edozein tratamendu jaso duten edozein emakumeri, adina gorabehera.