Gizartea -

Araba

Klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte Gasteizen, beste emakume batzuei sexu-esplotazioa egitea leporatuta

Gizakien salerosketaren prebentziozko zaintza-lanak egiten ari ziren ertzain batzuk klub horretan sartu ziren, eta bertako emakumeek bizi zituzten esplotazio-baldintzak azaldu zizkieten agenteei.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko klub bateko bi emakumezko arduradun atxilotu ditu Ertzaintzak larunbat honetan, eta beste hirugarren bat ikerketapean dago, klubean bertan zeuden beste emakume batzuei sexu-esplotazioa egitea egotzita. Gizakien salerosketaren prebentziozko zaintza-lanak egiten ari ziren ertzain batzuk klub horretan sartu ziren, eta bertan prostituitzera behartuta zeuden emakumeekin hitz egin zuten.

Klubeko arduradunek ezarritako esplotazio-baldintzak azaldu zizkieten agenteei: lan-ordutegi zorrotzak, bizitza pertsonalerako oso denbora gutxirekin eta edozein momentutan lanera itzultzeko beharra, besteak beste. Horrekin batera, janzteko modua adierazten zitzaien, eta irabazten zuten diruaren % 70 proxenetei eman behar zieten.

Gainera, hala eskatuz gero, bezeroei drogak ematen zizkieten. Izan ere, ohe baten azpian droga kantitate txiki bat zuen poltsatxo bat aurkitu zuten ertzainek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak