Gizartea -
Osasun garraioa
Bakioko eta Plentziako anbulantziak larunbat honetan zerbitzurik gabe egon zirela salatu du ESK-k
Bi herri horietan festak ospatzen ari zirelako, egoera "larriagotzat" jo du sindikatuak. Gogoratu duenez, anbulantzia zerbitzuaz arduratzen den La Pau enpresak "mota horretako 200 gertakari baino gehiago pilatu ditu abuztuan".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ESK sindikatuak salatu duenez, "beste behin ere", Bakioko eta Plentziako larrialdietarako anbulantziak "zerbitzurik gabe" egon ziren larunbat honetan, bi herri horietan jaiak ospatzen ari zirela, gainera. Horregatik, egoera "larriagotzat" jo du sindikatuak, egun horietan jende gehiago biltzen delako.
ESk sindikatuak gogoratu duenez, anbulantzia zerbitzuaz arduratzen den La Pau enpresak "mota horretako 200 gertakari baino gehiago pilatu ditu abuztuan".
"Txanda horiek langilerik gabe utzi dituen bitartean, Athleticeko partida dela eta, San Mameseko operatibora langileak bidali ditu, aparteko mozkinak emango dizkion kontratu pribatu bati esker, gainera", salatu du sindikatuak.
Azkenik, "herritar guztiei larrialdi zerbitzua bermatzeko" beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari.