Gizartea -
Trafikoa
Amaitu dira Irunen arratsaldean osatu diren auto-ilarak
Itzulera Operazioaren barruan lehen arazoak sortzen hasi dira euskal errepide sarean, 18:30ean, Irunen 10 kilometroko auto-ilarak zeuden, baina 20:30erako 4 kilometroa jaitsi dira eta berehala desegin dira horiek ere.
EITB Media
Urtero abuztu amaieran ohiko izaten den gisan, Frantziara eta Europa iparraldera doan trafiko handiaren ondoriz auto-ilarak sortu dira AP-8ko hainbat puntutan, bereziki Irunen. Bertan, arratsaldean 10 kilometrokoak izatera iritsi dira.
Biriatuko ordainlekutik Oiartzuneraino luzatu dira ilarak, eta 18:00ak pasata, Oinaurreko irteera itxi dute Irunen, hiri horretako kaleetan kolapsoa saihesteko neurri gisa. 20:30ak jota zabaldu dute atzera irteera hori.
Horrez gain, arratsaldean auto-ilarak sortu dira AP-8 Zarauzko ordainlekuan, Baionarako noranzkoan, baina dagoeneko konpondu dira.
Itzulera Operazioa
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Itzulera Operazioa abiatu du arratsaldean (15:00etan). Bi izango dira ibilgailu gehien hartuko dituzten puntuak: Armiñongo lotunea (A1 eta AP-1) eta Ipar Euskal Herriko muga (AP-8).
Arabako zati horretan, seinalizazio berezia jarri da, AP-1 zaharreko irteeran Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko. Konoen eta seinaleztapen bereziaren bidez, A-1eko hiru erreietako bat utziko zaie AP-1etik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei.
Gipuzkoan, nazioarteko trafiko fluxuek eraginda, ilarak aurreikusten dira AP-8an, Biriatuko (Lapurdi) ordainlekuan.