Gizartea -

Eguraldia

Ekaitzek euri ugari utzi dute Euskal Herri osoan

10 minutuan, 11,8 l/m2-ko neurtu dira Oliten eta 11,3 litro Arrigoarriagan. Eguerdi partean eguraldi lasaiagoa izango badugu ere, arratsaldean zaparrada trumoitsuak itzuliko dira. Euskalmetek abisu horia ezarri du ostiral arratsalderako ere.

Euria Gasteizen, gaur. Argazkia: Guillermo Aguirre
Euria Gasteizen, gaur. Argazkia: Guillermo Aguirre
Ur-putzu handiak Bilbon, euriteen ondorioz

0:23

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herri osoa abisu horipean dago, ostegun honetan, eurite eta ekaitzengatik eta iragarpenak betetzen ari dira. Zaparrada trumoitsuak izan dira luralde osoan, bart gauean hasi eta gaur goizean zehar.

Prezipitazioak indartsuak izan dira Euskal Herri osoan Euskalmetek eta Nafarroako AEMETek bildu dituzten datuen arabera. Adibide batzuk ematearren, Olite inguruan 11,8 litro bota ditu metro karratuko, 10 minutuan. Arrigorriagan (Bizkaia) 11,3 litro metro karratuko (l/m2) jaso dira tarte berdinean eta Gipuzkoan, berriz, 9 litro Ordizian eta 5,8 litro Arrasaten.

Araban ere gogotik egin du euria: Moredan 15,8 litro metro karratuko, 30 minutuan, eta Tobillasen 15,6 litro, 20 minutuan.

AEMETek Nafarroan azken 24 orduetan egindako prezipitazio kopuruak ere eman ditu aditzera. Ekaitzik handienak ekialdean izan dira eta 52,8 litro/m2-ko pilatu dira Aguilar de Codesen, esaterako. Era berean, aipatzekoak dira Lizarran neurtu dituzten 23,4 litroak, Sartagudako 14,4 litroak, Irabiako 13,9 litroak, Etxalarko 12,1 litroak eta Beran jasotako 10,8 litroak.

Euri jasen ondorioz, Bilbon ur-putzu handiak sortu dira hainbat kaletan, estolderiek bat-batean bota duen ura jasotzeko arazoak izan dituztelako.

Ur-putzu handiak Bilbon, euriteen ondorioz
Ur-putzu handiak Bilbon, euriteen ondorioz
Ur-putzu handiak Bilbon, euriteen ondorioz

0:23

Eguraldi-aldaketa asteazken arratsaldean nabaritu genuen eta lehen ekaitzak gauean izan ditugu. Goizean bezala, Araban sortu eta ipar eta ipar-ekialdera mugitzen joan ziren. Gauean 1.377 tximista izan direla neurtu du Euskalmetek. Gehienak Araban izan dira, 1.032. Bizkaian 329 izan dira eta Gipuzkoan 16.

Agentziek zabaldutako iragarpenaren arabera, eguerdi eta arratsaldeko lehen orduetan giro lasaiagoa izango dugu, baina arratsalde-gauean ekaitzak eta zaparrada mardulak izango ditugu berriz ere eta kazkabarra ere egin dezake. Hori horrela, abisu horiak indarrean jarraituko du gauerdira arte.

Horrez gainera, Euskalmetek ostiralerako ere abisu horia ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan, 15:00etatik 24:00ak arte, euriteak eta ekaitzak izan daitezkeelako berriz ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Iparraldea berriak Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia Donostia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea