Gizartea -
Gertakaria
Ostegunean jarraituko dute bilatzen Soriako urtegi bateko uretan desagertutako Tuterako gaztea
25 urteko Tuterako gazte bat da desagertutakoa. Bikotekidearekin —hori ere tuterarra— joan zen urtegira, astearte arratsaldean. Bainua hartu eta azalera bueltatzen ez zela ikusita, larrialdiei abisua eman zien emakumeak.
Agentziak | EITB Media
Soriako Larrialdi Zerbitzuak 25 urteko Tuterako (Nafarroa) gazte baten bila ari dira, atzo arratsaldean La Cuerda del Pozo urtegiko (Soria) uretan desagertu ostean. Asteazkenean ez dute arrakastarik izan, eta ostegun goizean berrekingo diote bilaketari.
Guardia Zibilak ohartarazi duenez, bilaketa "zaila" izango da, ez baitakite non desagertu zen, uretan "zaila baita erreferentziak hartzea".
Zorigaiztoko gertakaria astearte arratsaldean jazo zen. 18:00ak aldera, urtegiko uretan, Playa Pita izeneko gunean, pertsona bat ito zelakoan.
Gizonezkoa bikotekidearekin zegoen (tuterarra bera, 24 urtekoa). Biek ala biek Tarazonan (Zaragoza) egiten dute lan, eta han jaieguna zela aprobetxatuta, Soriako paraje horretara joan ziren, arratsaldea pasatzera.
Bikoteak pedalo batzuk hartu zituen, eta Playa Pitako moiatik 500 bat metrotara, gizonezkoa uretan sartu zen. Azalera ateratzen ez zela ikusita, emakumeak larrialdietara deitu zuen.
"Gazteak bazekien igerian, baina ez oso ondo. Neskak, berriz, ez daki igeri egiten. Hortaz, ezin izan dio lagundu", azaldu du Miguel Latorre Espainiako Gobernuak Sorian duen ordezkariordeak.
Uste dute gaztearen gorpua 11-12 metroko sakoneran egon litekeela.