Gizartea -
Ikasturtea
Eskola-garraioa bermatzen duen akordioak lortu dituzte Jaurlaritzak eta enpresek
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eskerrak eman dizkie garraio enpresei akordioak lortzeko eta Hezkuntza Sailarekin lan egiteko izan duten prestasunagatik.
EITB Media
Asteazken honetan argitaratutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du eskola-garraioko ibilbide guztiak bermatuta egongo direla 2024-2025 ikasturtearen hasieran.
Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak azpimarratu du bere saileko ordezkariek modu diskretu eta arduratsuan lan egin dutela uda honetan sektoreko eragileekin, garraio zerbitzua ibilbide guztietan bermatzeko. Guztira, 194 ibilbide dira Bizkaian, 128 Araban eta 91 Gipuzkoan.
Sektoreko enpresekin elkarrekintza "etengabea eta zuzena" izan dutela jakinarazi du Pedrosak eta eskerrak eman nahi izan dizkie garraiolariei "akordio horietara iristeko eta Hezkuntza Sailarekin lanean jarraitzeko duten prestasunagatik".
Joan den astelehenean, sailburuak aurreratu zuen hainbat akordio lortu zirela eta, iazko esperientzia ikusita, kezka agertu zuten familiak eta ikastetxeak lasaitu nahi izan zituen. Izan ere, iaz, irailaren erdialdean, ikasturtea hasita zegoenean, lortu zuten ibilbide guztiak bermatzea. Garraio-enpresek ez zituzten Jaurlaritzak jarritako baldintzak onartzen lizitaziora aterako hainbat ibilbideetan.