Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Migrazioaren kudeaketa, Ukrainako haurrak eta Ekialde Hurbila
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 27an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Migrazioaren kudeaketa: Milaka lagun heltzen ari dira uda honetan Afrikatik Espainiako Estatura, batez ere Kanarietara eta Ceutara, bizitza hobe baten bila. Iritsiera masiboak berpiztu egin du, beste behin, gatazka politikoa. PSOE eta PP mokoka dabiltza atzerritarren legearen erreforma eta migrazioaren kudeaketa dela eta. Ingurumari horretan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Mauritaniara, Gambiara eta Senegalera joango da hurrengo egunetan presio horri aurre egiteko lankidetza indartu nahian.
- Ukrainako haurrak: Uda osasungarriagoa helburu, Txernobyl ingurutik (Ukraina) Hego Euskal Herrira uda hasieran heldutako 108 haurrek etxera bueltako bidaiari ekingo diote gaur. Autobusez abiatuko dira, 10:00etan Bizkaitik eta Nafarroatik, eta 11:00-11:30etik, Arabatik eta Gipuzkoatik. Chernobil Elkarteak, ekimenaren antolatzaileak, kezka agertu du, gerra dela eta, adingabeak "leku ez seguru" batera itzuliko direlako.
- Ekialde Hurbila: Israelek Gazako Zerrenda erasotzen jarraitzen du, eta azken orduetan 30 palestinar hil ditu. Gatazkari beste eraso eremu bat batu zaio, gainera. Izan ere, Hamasek eta Jihad Islamiarrak salatu dutenez, Tel Avivek bost palestinar, tarten bi adingabe, hil zituen bart Nur Shams errefuxiatugunearen (Zisjordania iparraldea) kontrako aire eraso batean, eta kolono israeldarrek zibil bat hil dute.