Gizartea -

BALANTZEA

Bilboko Aste Nagusian 1,6 milioi bisitari izan dira aurten eta delituak %14,5 jaitsi dira

110.000 pertsonak baino gehiagok gauero ikusi dituzte su artifizialak eta 220.000 lagun joan dira kontzertuetara. Txupinazoaren egunean, 50.000 pertsona bildu ziren Arriaga Antzokiaren inguruan.

50.000 lagunek eman zioten ongietorria Marijaiari abuztuaren 17an. Argazkia: EFE
50.000 lagunek eman zioten ongietorria Marijaiari abuztuaren 17an. Argazkia: EFE
Juan Maria Aburto: ''Aste Nagusia apartekoa izan da, jendetsua, adeitsua eta alaia''

1:08

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten, Bilboko Aste Nagusian 1,6 milioi lagun inguru izan dira, 2023an baino 200.000 gutxiago. Iaz, inoizko bisitari kopuru handiena izan ziren Bilbon: 1,8 milioi pertsona.

"Jai jendetsuak izan dira eta alaitasuna izan da nagusi", adierazi du Juan Maria Aburto alkateak, bi milioi bisitaritara heltzeko helburua lortu ez duten arren, gustura.

Jende gutxiago ibiltzearekin batera, iaz baino delitu gutxiago gertatu dira, % 14,5 gutxiago, zehazki. Hala ere, agenteek 156 atxiloketa egin dituzte.

Alkateak Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa goraipatu du, jarduera "azkarra eta eraginkorra" izan dutela nabarmenduz, eta eraso matxista, arrazista edo homofoboen kasu larririk ez dela izan aipatu du komunikabideen aurrean egindako balorazioan.

Ekitaldirik jendetsuenak balearen desfilea, txikigunea -120.000 lagun- eta su artifizialak izan dira, besteak beste. Suek, gauero, batez beste 110.000 pertsona erakarri dituzte, eta, azken egunetan, 130.000 lagun baino gehiago.

Era berean, 220.000 lagun izan dira kontzertuetan: 8.500 Izarorenera, eta 7.000 La Love You taldearenera, esaterako.

Udalak jakinarazi duenez, gainera, 50.000 pertsona inguru bildu ziren Arriaga plazan eta inguruan, Aste Nagusiari ongietorria emateko, Marijaia, Pregoilaria eta Txupinera ikusteko. Aurten, Itziar Ituño aktorea eta Nagore Ugarte, Txinbotarrak konpartsera, izan dira, hurrenez hurren.

Amaitzeko, alkateak herritarrak zoriondu nahi izan ditu eta adierazi du berehala hasiko direla datorren urteko jaiak prestatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Jaiak