Gizartea -

BILBOKO ASTE NAGUSIA

La Rosa International Fireworks piroteknia siziliarrak irabazi du Bilboko Su Artifizialen XXXII. Lehiaketa

Ostiral gauean ikusi ziren irabazlearen suak, eta ikuskizun piroteknikoa berriro ikus daiteke EITB Nahieran atarian.

Atzo gauean ikusi zen ikuskizunak irabazi du lehiaketa. EITBaren bideo batetik hartutako irudia.
Atzo gauean ikusi zen ikuskizunak irabazi du lehiaketa. EITBaren bideo batetik hartutako irudia.
Atzo gauean ikusi zen ikuskizunak irabazi du lehiaketa. EITBaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII. Lehiaketako Epaimahaiak La Rosa International Fireworks pirotekniari eman dio aurten ikuskizun pirotekniko onenaren saria. Siziliatik (Italia) etorrita, atzo, ostirala, eskaini zuten ikuskizuna, eta Valentziatik, Belgikatik, Kolonbiatik, Herbehereetatik, Kanarietatik eta Mexikotik etorritako konpainiei gailendu zaie.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak igandean, 12:00etan, emango die saria Sociedad Bilbaina elkartearen egoitzan.

Epaimahaiak honako elementu hauek hartu ditu kontuan erabakia hartzeko: aire-espazioaren okupazioa; koloreen garbitasuna, intentsitatea, distira eta iraupena; baita barietate kromatikoa, argitasuna, dimentsioak, formen diseinua eta perfekzioa, dotorezia, efektuen aniztasuna, sonoritatea, ingurunearekin uztartzea, originaltasuna, erritmoa eta publikoaren onarpena ere.

Lehiaketaren beste saria, publikoak ematen duena, irailean jakinaraziko da. Horretarako, herritarrek "Bilbao Aste@Nagusia 2024" aplikazio mugikorraren bidez eta El Correo egunkarian abuztuaren 17tik 24ra bitartean argitaratutako partaidetza-kupoien bidez egindako bozketa hartuko da kontuan.

Azken urteetan bezala, aurten ere su artifizialak izan dira Aste Nagusiko ikuskizunik jendetsuenetako bat, eta milaka lagun bildu ditu gauero.

ETB1ek Aste Nagusiari zein suei buruzko saio berezia eskaini du gauero, eta irabazlearen ikuskizun piroteknikoa EITB Nahieran atarian dago ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Herriak eta Hiriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak