Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Giro eguzkitsuaren ondotik zaparrada trumoitsuak espero dira larunbatean eta igandean tenperatura jaitsiko da
Larunbat arratsaldean, fronte bat sartuko da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, ekialdean bereziki. Halaber, txingorra ere egin dezake. Igandearen lehen zatian, hodeiak eta euria izango dira nagusi, baina arratsaldean ostarteak zabalduko dira eta atertzera egingo du.
EITB Media
Uda giroarekin hasiko dugu asteburua, baina aldaketa etorriko da larunbat arratsaldean; izan ere, fronte bat sartuko da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, bereziki ekialdean. Gainera, txingorra ere egin dezake. Igandearen lehen zatian, hodeiak eta euria izango dira nagusi, baina arratsaldean ostarteak zabalduko dira eta atertzera egingo du. Igandeak bi zati izango ditu: hodeiak eta euria nagusituko dira goizean; arratsaldean, aldiz, argitzera eta atertzera egingo du.
Gaur, ostirala, oro har, eguzkia izango da jaun eta jabe. Tenperaturak koska bat egingo du gora kostaldean, eta gainerako tokietan berdintsu jarraituko du edo zertxobait igoko da. Behe-hodei batzuk agertuko dira goizean kostaldetik gertu, baina arratsaldean garbi geratuko da. Gainerakoan, zerua oskarbi egongo da, goizean goi-hodei batzuk izango badira ere.
Larunbatean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira goizean isurialde atlantikoan, eta zerua oskarbi egongo da lurraldearen erdialdean eta hegoaldean. Arratsaldean, aldiz, hodeiak ugarituz joango dira, eta zaparradak ia edonon bota ditzake. Gainera, baliteke trumoiak jotzea lekuren batean, bereziki ekialdean. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik espero, eta eguerdi partean bero egingo du barnealdean, baina frontea igarotzearekin batera, nabarmen freskatuko du arratsaldean.
Igandea giro goibel eta freskoarekin hasiko dugu. Beherakada nabarmena espero da termometroetan, batik bat barnealdean, eta tenperatura beroenak 19 eta 22 graduren bueltan kokatuko dira lurralde osoan. Egunaren lehen partean, hodeitza trinkoa izango da eta euria egingo du; egunaren bigarren partean, ordea, atertu egingo du eta hodeitza apur bat zulatuko da.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.