Gizartea -

Enpresen jasangarritasuna

Energia enpresa handiek biodibertsitateari egindako kalteen % 47 estaltzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

Goizeder Blanco ikertzailearen azterketa batek ondorioztatu du energia enpresek biodibertsitatearen kontrako gertakarien % 23 bakarrik adierazten dituztela argi.

Salburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: Jokin Zurutuza
Salburua, artxiboko irudi batean
Salburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: Jokin Zurutuza

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa batek ondorioztatu ahal izan duenez, energia enpresa handiek ezkutatu egiten dute euren jardunak bioaniztasunari eragindako kalteen ia erdia (% 47), eta gertakari negatibo horien % 23 bakarrik adierazten dituzte argi.

Goizeder Blanco ikertzaileak egindako azterketaren arabera, badira enpresa energetikoek "modu lausoan" komunikatzen dituzten gertaerak ere. Gainera, aztertutako 14 kasutan (% 30) antzeman du enpresek "ardura neutralizatzeko estrategiak" erabiltzen dituztela.

EHUk ohar baten bidez azaldu duenez, Euroguneko 30 energia enpresa nagusienei lotutako 47 gertakari aztertu dituzte (deforestazioak, hegaztien elektrokuzioak, habitaten suntsitzea…), eta horietatik 22 ez dira agertu ere egiten haien jasangarritasun txostenetan. 

"Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Norberak erabakitzen du zeri buruz hitz egin. Beraz, askatasunez jokatzen dute eta euren irudia leuntzen dute", dio Blancok.

Ikertzailearen esanetan, enpresek eragin negatiboak estaltzeko gehien erabiltzen duten teknika alde onak eta ekintza positiboak azpimarratzearena da. "Adibidez, batzuek bioerregaiak ekoizteko olio palmondoak landatzen dituzte inguru tropikaletan, bertako ekosistemak suntsituz. Aldiz, jasangarritasun txostenetan hori leuntzeko arreta desbideratzen dute, beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landatu dituztela azpimarratuz. Horrek ez du konpontzen, ordea, enpresak palmondoekin eragindako deforestazioa, besteak beste, kaltetutako tokitik oso urrun egiten dituztelako landaketak", ohartarazi du.

Beste batzuetan, energia enpresek diote ez dagoela argi zein den sarraskiaren eragilea, edota, zuzenean, beste batzuei leporatzen diete errua. Esaterako, hornitzaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Garapen Iraunkorrerako Helburuak Euskal enpresak azken ordukoa