Gizartea -
Osasun emergentzia
Europak baztertu egin du mugetan kontrolak jartzea mpox edo tximino baztanga kontrolatzeko
Batasuneko Osasun Segurtasuneko Batzordeak ez du baztertzen inportatutako kasu gehiago agertzea, baina biztanleria orokorrera hedatzeko arriskua "txikia" dela uste du. Osasun Ministerioa asteartean bilduko da autonomia erkidegoetako ordezkariekin eta teknikariekin egoera aztertzeko.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko Osasun Segurtasuneko Batzordeak astelehen honetan ondorioztatu duenez, mpox edo tximino-baztangaren arriskua "txikia" da Europan eta, beraz, ez dago gaixotasuna kontrolatzeko neurri gogorragoak hartzeko beharrik; mugetan kontrolak egin eta txertaketa herritar guztiei zabaltzea, esaterako.
Batzordearen bilera Afrikako hogei bat herrialdetan mpox gaitzaren aldaera berri bat zabaldu eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) larrialdi sanitario globala deklaratu ondoren deitu zen. Bertan bildutako adituek ez dute baztertu Europan gaixotasunaren kasu inportatu berriak agertzea, Suedian antzeman duten bezala. Hala ere, EBko biztanleria orokorrera hedatzeko arriskua "txikia" dela uste du.
MOEk eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC, ingelesez) ere iritzi bera azaldu dute egunotan. Arriskua handiagoa da baieztatutako kasuekin kontaktu estua duten lagunen kasuan eta bereziki kalteberak diren pertsonetan, baina ez biztanleria osoarentzat.
Egoera horren aurrean, EBko kide diren herrialdeek ez dute gomendatu mugan kontrolak egitea, ezta txertaketa arrisku-taldeak ez diren beste pertsona batzuei zabaltzea ere.
Pedro Gullon Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Publikoko zuzendari nagusiak Europako bere homologoekin egindako bileran azaldu duenez, Espainian txertoaren 500.000 dosiko stock-a dago. Bakoitza bost ziztadatan bana daiteke eta, beraz, 2 milioi txerto izango lirateke guztira. Gainera, txerto berriak eskuratzeko gaitasuna dagoela gogorarazi du.
Europa mailan egindako bileraren ondoren, Osasun Ministerioak bere talde teknikoa bilduko du, ondorioak baloratzeko: Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa (CCAES), Epidemiologia Zentro Nazionala (CNE), Mikrobiologia Zentro Nazionala (CNM) eta GIB eta Txertoen Dibisioa. Bileran, autonomia erkidegoetako ordezkariek ere hartuko dute parte, hartu beharreko neurriak aztertu eta erabakitzeko.
Espainian oraindik ez da aldaera berriaren kasurik atzeman. Ministerioak nabarmendu duenez, positibo berrienak 2022ko apirilean izan zen agerralditik Europan egon den aldaeraren gisakoak dira, bai sintomatologian, bai larritasun mailan.