Gizartea -

Astronomia

Hodeiek gaur gaueko Superilargi urdinaz gozatzen utziko dute

Euskalmetek iragarri duenez, hodei gutxiko gaua izango da ia Euskal Herri osoan; beraz, ohikoa baino handiagoa eta distiratsuagoa izango den ilargi betea ikusteko aukera izango dugu.

Ilargi betea. Iñaki Artetaren argazkia.
Ilargi betea. Iñaki Artetaren argazkia.
Ilargi betea. Iñaki Artetaren argazkia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur gauean, astronomia zaleek gehien espero duten ikuskizun astronomiko batez gozatu ahal izango dugu: Superilargi urdina, toki batzuetan Esturioiaren superilargia ere deiturikoa.

Ilargia gaur 20:26an iritsiko da fase betera eta Lurretik beste batzuetan baino handiago, distiratsuago eta argitsuago ikusiko dugu. Ilargia beteta dagoenean eta orbita Lurretik gertuen dagoenean gertatzen da fenomeno hori.

Ilargiaren orbitak elipse forma du eta, beraz, astroa gugandik hurbildu eta urrundu egiten da bira osoa betetzen duen bitartean. Urrutien dagoenean (apogeoa) 405.500 kilometrora iristen da gutxi gorabehera, eta hurbilen dagoenean (perigeoa), berriz, 363.300 kilometro inguruko distantziara izaten dugu.

Superilargi kontzeptua 1979an hasi zen erabiltzen Lurreko satelite naturala perigeotik oso gertu dagoen eta, aldi berean, beteta dagoen une hori izendatzeko; gaur gauean biziko duguna, alegia.

Zergatik urdina?

Lurraren inguruan biraka dabilen satelitea ez dugu inoiz urdin kolorekoa ikusten. Orduan, zergatik hartzen duzu izen hori?

Munduan hainbat tradizio daude ilargi urdinen inguruan. Alde batetik, egutegi gregorianoko (Mendebaldean erabiltzen dena) hilabete batean gertatzen den bigarren ilbeteari horrela deitzen zaio.

Hala ere, 2024ko abuztuan ez du horregatik izen hori hartu. Oraingoan, hiru izan beharrean, lau ilargi bete egongo dira urtaro berean -alegia, ekaineko solstizioaren eta iraileko ekinozioaren artean- eta horrek eman dio "urdina" izena.

Beste izen batzuk

Planetako hainbat lekutan, Amerikako Estatu Batuetan, esaterako, ilargi beteei izena jartzeko ohitura dago. Abuztuko ilargi beteari Esturioaren ilargia ere esaten diote, bertako indigenentzat espezie hori arrantzatzeko garaia baita. Marrubi-ilargia, oreinaren ilargia edo elurraren ilargia ere badituzte.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, zerua garbi egongo da gauean, nahiz eta ipar isurialdean hodei gutxi batzuk azaldu daitezkeen. Beraz, litekeena da ia lurralde osoan ilargi beteaz gozatu ahal izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Super ilargia abuztuaren