Gizartea -
IKERKETA ABIAN
Gizon batek 11 urteko mutiko bat hil du labankadaz Toledon, Mocejongo futbol-zelaian
10:00ak aldera, gizon bat futbol-zelaira sartu da, adingabeari eraso dio eta ihes egin du. Guardia Zibilak "Kaiola operazioa" abiatu du erasotzailea atxilotzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
11 urteko mutiko bat hil da igande honetan Toledoko Mocejon herriko futbol-zelaian, objektu zorrotz batekin labankatua izan ostean.
Erasoa 10:00ak aldera gertatu da. Ordu horretan, kaputxa batez burua estalita zuen gizon bat Angel Tardio futbol-zelaira sartu da, adingabeari eraso dio, eta, ondoren, ihes egin du auto gris batean.
Abisua jaso ondoren, larrialdietako medikua, osasun-helikoptero bat eta zainketa intentsiboetarako unitate mugikor bat bertaratu dira, baina haurra bertan hil da.
Guardia Zibilak operazioa jarri du martxan erasotzailea aurkitzeko. Gutxienez hamar patruila eta helikoptero bat ari dira erasotzailearen bila.
Toledoko 3. epaitegiko buruak sekretupean jarri du auzia, Gobernuaren Ordezkaritzak baieztatu duenez.
Mocejonen hildako adingabearen familiak "justizia" espero du
Hildako haurraren familiak esan du ez duela susmorik "ankerkeria" horren egilearen inguruan, eta "justizia egitea" espero duela gaineratu du.
Hildakoaren lehengusu batek komunikabideei adierazi dienez, bere izeba bat paseoan zebilela "ume bat korrika atera da lagunik onena hil dutela esanez", "eta gure lehengusua zen" eta "Hemen zegoen lagunekin futbolean jokatzen" esan du.
"Oso une zailak dira", gaineratu du, eta familiarekiko errespetua izateko eskatu die hedabideei: "Shock egoeran gaude oraindik".
Kazetariek hilketa nork egin duen susmatzen ote duten galdetuta, zera adierazi du: "Kaputxaduna zela esaten dute". Eta ez dutela "susmorik" gaineratu du; izan ere, "Mocejon herri lasaia da, eta gauza hauek ez dira inoiz gertatu. Lehen aldia da".
Mocejongo Udalak hiru dolu-egun ezarriko ditu. "Erabat atsekabetuta gaude eta gure babesa helarazi nahi diegu haurraren familiari eta lagunei", esan du Conchu Cedillo herriko alkateak, eta igandeko 19:30ean, udaletxe atarian, minutu bateko isilunea egingo dutela jakinarazi du.