Gizartea -
Donostia
Goiak esan du Aste Nagusia "bikaina" izan dela, jende "gutxixeago" izan den arren
Alkateak jakinarazi duenez, ez da sexu-erasorik salatu aste osoan, baina "gaitzespenik irmoena" agertu du bart Txomin auzoan izan den indarkeria matxistaren aurrean.
eitb media
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du Aste Nagusiaren balantzea "bikaina" dela, eta, "oro har, jende asko" gerturatu dela, "beste urte batzuetan baino zertxobait gutxiago" izan bada ere.
Donostiako Aste Nagusia amaitu eta biharamunean egin du jaien balantzea Gipuzkoako hiriburuko alkateak, eta azpimarratu du "programazioa normaltasunez" bete dutela eta parte-hartzea "bikaina" izan dela antolatutako ekitaldietan.
Dena den, gogorarazi du lehenengo eguneko su-artifizialak ezin izan zirela egin enbataren eraginez, eta eguraldiak ez duela "gehiegi" lagundu erantsi du.
Alkateak gogoeta egin du Aste Nagusira gerturatu den herritar kopuruaren inguruan, eta esan du beherakada aurreko bi urteekin alderatuta izan dela, baina, horren ustez, aurtengoa da "normaltasuna", aurreko bi urteetakoa "pandemiaren ondorengo eztandak" eragin baitzuen.
Datu batzuk emate aldera, su artifizialak 585.000 pertsonak ikusi dituztela eta Saguesen 58.500 pertsona elkartu direla aipatu du, besteak beste.
Era berean, Dbus zerbitzuan inoizko erabiltzaile kopuru handiena izan dela gaineratu du, iazko datuarekin konparatuta % 6 igo baita erabiltzaileen kopurua.
Azkenik, eta "jaietatik kanpo" kokatu badu ere, Txomin auzoan atzo izan zen indarkeria matxista kasua gaitzetsi du, eta gogorarazi du Aste Nagusian zehar ez dela sexu-erasorik salatu.