Gizartea -
Munduko Osasun Erakundea
MOEk nazioarteko larrialdia ezarri du berriro, mpox edo tximino-baztanga dela eta
Gaixotasun hori nazioarteko osasun-mehatxu bihurtzen den bigarren aldia da bi urtean. Aurreko alerta hori iazko maiatzean altxatu zen, eritasunaren hedapena geldiarazi ondoren.
Agentziak | EITB Media
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) nazioarteko osasun publikoko larrialdia ezarri du berriro, Kongoko Errepublika Demokratikoan mpox agerraldia (lehen tximino-baztanga bezala ezagutzen zena) izan eta hurbileko beste herrialde batzuetara zabaldu ondoren.
Gaixotasun infekzioso hori nazioarteko osasun-mehatxu bihurtzen den bigarren aldia da bi urtean. Aurreko alerta hori iazko maiatzean altxatu zen, eritasunaren hedapena geldiarazi eta egoera kontrolpean zegoela ikusi ondoren. Agerraldi horretan, kasuak Europa eta Ipar Amerikaraino iritsi ziren.
MOEk adierazi duenez, oraingoan agerraldiak ez dira birusaren aldaera bakar baten zirkulazioaren ondorio, baten baino gehiagoren ondorio baizik, eta arrisku eta kutsatze maila desberdinak ere ikusi dira; duela bi urte, ordea, ia soilik sexu bidezkoak ziren kutsatzeak.
Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak erabakiaren berri eman du, erakundeko Larrialdietarako Batzordearen gomendioa jaso ondoren. Munduko hainbat lekutako zientzialari independenteek osatzen dute batzordea, eta agerraldi batek osasun publiko globalari eragin diezaiokeen aztertzeaz arduratzen da.
Tedrosek prentsaurrekoan azaldu duenez, Kongoko agerraldiaren larritasunaz gain, oso kezkagarria da gaitza inoiz kasurik izan ez den herrialdeetara zabaldu izana, hala nola Uganda, Ruanda, Burundi eta Kenyara.
"Nazioarteko erantzun koordinatu bat funtsezkoa da gaixotasunari eusteko eta bizitzak salbatzeko", esan du MOEko buruak.
Larrialdi Batzordeko kide guztiak bat etorri dira mpox agerraldi berria "ezohiko gertakaria" dela esatean, besteak beste, Kongon kasuen kopuruak azkar gora egin duelako, 70eko hamarkadatik ez baita hain gaixoen kopuru handia ikusi.
MOEk 14.000 kasu eta 524 heriotza jakinarazi ditu aurten, baina Gurutze eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak (FICR) adierazi du kasuak 17.000 direla.