Gizartea -

Eguraldia

Euskal Herria abisu horipean da zaparrada gogorrengatik

Hala, Nafarroan ekaitz gogorrak izan dira astearte arratsaldean. Getadar da eurite handiena jasan duen tokia, 41 litro metro karratuko. Era berean, Abodin 30 litro bota ditu, Lizarran 20, Bardean 13,3 eta Izaban 12,8. Arabako Moredan 10 litro/m2 pilatu dira arratsaldean, 20 minutuan.

Abisuak arratsaldetik aurrera egongo dira indarrean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Abisuak arratsaldetik aurrera egongo dira indarrean.
Abisuak arratsaldetik aurrera egongo dira indarrean. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuko beroaldiaren ondotik, goi-geruzetako depresio isolatu baten eragipean izango gara arratsaldetik aurrera, eta euriteak espero dira lurralde osoan. Hala, agintariek muturreko meteorologiagatik abisuak ezarri dituzte Euskal Herria osoan.

Hala, Nafarroan ekaitz gogorrak izan dira astearte arratsaldean, eta Foru Erkidegoko hainbat puntutan metro koadroko 30 litro baino gehiago pilatu dira, hala nola Getadarren eta Abodin. Getadar da eurite handiena jasan duen tokia, 41 litro, Estatuko Meteorologia Agentziak bildutako datuen arabera. Abodin 30 litro bota ditu, Lizarran 20, Bardean 13,3 eta Izaban 12,8.

Gainera, Arabako Moreda udalerriko estazio meteorologikoak 10 litro/m2 jaso ditu arratsaldean, 20 minutuan, eta 61 kilometro orduko haize-boladak izan dira. Ekaitzak Arabako hegoaldetik igaro dira eta haizea indartu egin da, Euskalmetek jakinarazi duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 18:00etatik aurrera aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prezipitazio handiagatik ezarritako abisu horia, eta asteazkeneko 09:00ak arte mantenduko du. Euskalmeten arabera, ordubetean 15 litro pila daitezke metro koadroko. 

Tarte horretan, zaparrada ertainak bota ditzake, zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki hegoaldean eta ekialdean. Zaparradekin batera, noizean behin txingorra (1-2 cm) egin dezake.

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere antzeko eguraldia aurreikusi du Nafarroan, eta han ere, abisua ezarri ditu. Foru lurralde osoa dago abisupean (erdialdea, Pirinioak eta Kantauri isurialdea), eta Erriberan are mardulago botako duela aurreikusita (30 litro metatzea espero dira), alerta laranja ezarri du 14:00etatik hasita gauerdira arte. Halaber, beste alerta bat aktibatu du ekaitz arriskuagatik. Abisu horiak gaurko 14:00etatik asteazkenera arte (14:00) egongo dira indarrean. 

Ipar Euskal Herrian ere ekaitz arriskuagatik dago abisu horia (eguerditik gauerdira arte). Horrez gain, 19:00etatik aurrera, Pirinio Atlantikoen Departamentua alerta laranjan egongo da uholdeak gerta daitezkeela eta (asteazkeneko 12:00ak arte aktibo). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak