Gizartea -
Iruzurra
Ertzaintzak "zorrotzailearen iruzur" kasu gehiago izan direla ohartarazi du
Ertzaintzak hamar bat salaketa jaso ditu azken hiru hilabeteetan, eta horiek gora egiten jarraitzen dutela ohartarazi du. Baina, zer da "zorrotzailearen iruzurra" eta nola egin dakioke aurre?
EITB MEDIA
Azken hilabeteetan lantegiei eta enpresa txikiei eragiten dieten "zorrotzailearen iruzur" kasuek gora egin dutela ohartarazi du Ertzaintzak. Kasu horretan, iruzurgileek industria materialak zorrozteko zerbitzua eskaintzen dute, eta gerora biktimak mehatxatzen dituzte eta estortsioa egiten diete.
Nahiz eta metodo berria ez izan, Ertzaintzak iruzurgileen modus operandia ezagutzeko gomendatu du, eta baita haien eskakizunei amore ez emateko ere. Zehazki, hauexek dira iruzurgileek ematen dituzten pausoak:
- Pertsona bakarra edo bik lantegi eta enpresa txikietara joaten dira erreminta industrialak zorrozteko zerbitzua eskainiz; adibidez, barautsak edo diskoak zorrozteko.
- Biktimarekin prezio "erakargarri" bat adosten dute zerbitzuagatik.
- Handik egun batzuetara, iruzurgileak berriro agertzen dira zerbitzua kontratatu duen lantegi edo enpresan, eta hasieran adostutakoa baino diru-kopuru handiagoa eskatzen dute, nahiz eta sarri zerbitzu eskasa eskaini.
Hor hasten da iruzurra. Orduan azaltzen dira estortsioa eta mehatxu larriak.
- Iruzurgileek eskatutako diru-kopurua ordaintzen ez bada, eskatutako kopurua murrizten saiatzen dira diru azkarra berehala eskuratzeko, betiere mehatxupean eta indarkeria tarteko.
- Akordiorik lortzen ez bada, berriz, iruzurgileak telefono-deiak egiten hasten dira lantegietan edo enpresetan kalteak eragingo dituztela mehatxatuz. Mehatxupean eta derrigortzeko tekniken bitartez egiten dira, eta sarritan biktimaren familia ere mehatxatzen dute.
Kasu batzuetan, beste pertsona batzuekin batera bertaratzen dira lantegi edo enpresa horietara. Estrategia horrek beldurra eragiten dio biktimari, eta presioa egitea du helburu. Horrenbestez, Ertzaintzak gomendio hauek eman ditu "zorrotzailearen iruzurrari" aurre egiteko:
- Enpresa edo profesional kualifikatu eta egiaztatuekin lan egin.
- Ez eman amore inoiz xantaiaren aurrean, eta ez egin ordainketarik. Izan ere, gehiagotan egingo dute berriz ere presioa eta estortsioa diru gehiago irabazteko, eta are gehiago lehenengo ordainketa lortu badute.
- Iruzurraren biktima izanez gero, Ertzaintzarenean edo Udaltzaingoarenean salatu gertatutakoa. Ahal izanez gero, ibilgailuen matrikulak, bideozaintza-sistemetako edo gailu elektronikoetako argazkiak, eta iruzurgileak identifikatzeko baliagarriak izan daitezkeen datuak eman, ikerketa errazteko.