Gizartea -
GERTAKARIA
Lonja batean emakume bat atxikita zuen gizon bati tiro egin dio udaltzain batek Bilbon
Ertzaintzaren arabera, gizonezkoak sexu-erasoa egin dio aurretik emakumeari. Atxilotu eta ospitalera eraman dute erasotzailea. Sexu-erasoa egitea eta agintarien kontrako atentatua egotzi dizkiote.
EITB MEDIA
Bilboko lonja batean emakume bat atxikita zuen eta aizkora batekin mehatxuka ari zen 33 urteko gizon bati tiro egin dio gaur goizean udaltzain batek. Ertzaintzaren arabera, gizonak sexu-erasoa egin dio emakumeari.
Bilboko Udalak jakinarazi du gertakaria 05:30 inguruan izan dela, Erronda kalean. Antza, bizilagunek Udaltzaingoari deitu diote, emakume bat lonja batean oihuka entzun dutela esanez. Bertaratu direnean, udaltzainek emakumea eta gizona aurkitu dituzte lonjaren barruan. Azken horrek atxikita zuen emakumea, eta aizkora bat zuen eskuan.
Horren aurrean, agenteetako batek tiro egin, eta zauria egin dio hanka batean. Atxilotu eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Udalak jakinarazi duenez, arriskutik kanpo dago. Emakumea, bere aldetik, Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Eguerdian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu du gizonak "agenteen aurka" egin duela aizkorarekin, eta tiro egin behar izan diotela, euren burua eta emakumea babesteko.
Ertzaintzak hartu du bere gain ikerketa. Sexu-erasoa eta agintarien kontrako atentatua egotzi dizkiote gizonari.