Gizartea -

Panama

Eneritz Argintxonaren heriotza homizidio gisa ikertzen ari dira Panamako agintariak

Carenero uhartean topatutako gorpua Panaman desagertutako 30 urteko bizkaitarrarena dela baieztatu du Bocas del Toroko Fiskaltzak. Autopsiak argitu ahal izan duenez, buruko traumatismo baten ondorioz hil zen, eta "balizko egileei buruzko zantzuak" aurkitu dituzte.

Panaman Eneritz Argintxonaren gorpua topatu zuten tokiko argazkia. Argazkia: @PGN_PANAMA
Panaman Eneritz Argintxonaren gorpua topatu zuten tokiko argazkia. Argazkia: @PGN_PANAMA
Panaman Eneritz Argintxonaren gorpua topatu zuten tokiko argazkia. Argazkia: @PGN_PANAMA

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Panamako agintariak homizidio gisa ikertzen ari dira Ameriketako herrialde horretan hilda aurkitu duten Eneritz Argintxona 30 urteko emakume bizkaitarraren kasua. Gainera, biktimaren objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte eta balizko egileen inguruko zantzuak aurkitu dituzte.

Gaur bertan, Bocas del Toroko Fiskaltzak baieztatu duenez, uztailaren 26an Panaman topatutako gorpua Erandioko emakumearena da. Panamako agintariek biktimaren eta bere amaren DNA alderatuta lortu dute gorpua identifikatzea.

Bertako Ministerio Publikoak zabaldutako informazioaren arabera, emakumea buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zela argitu du autopsiak. Gauzak horrela, diligentziak abiatu dituzte "erantzuleak aurkitzeko".

Gainera, biktimaren objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte eta balizko egileen inguruko zantzuak aurkitu dituzte. Momentuz ez dago atxiloturik. Biktimak zeramatzan motxilaren eta telefono mugikorraren bila ari dira, oraindik ez baitituzte aurkitu.

Emakumea duela astebete, uztailaren 24an, ikusi zuten azkenengo aldiz. Familiak ostiralean jo zuen Ertzaintzarenera eta Panamako agintarietara, jatorriz Erandiokoa den emakumea Panaman desagertuta zegoela salatzeko.

EITBk jakin ahal izan duenez, lanean ari zen Costa Rican, eta egun batzuk pasatzen Panaman. Carenero uharteko ostatu batean zegoen, Bocas del Toro artxipelagoan.

Panamako Poliziaren Homizidio sailak bere gain hartu zuen ikerketa, eta DNA probak egitea agindu zuen, deskonposizio egoeran zegoela-eta ezinezkoa baitzen hura bestela identifikatzea.

Carenero uhartea, Panaman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Panama Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Latinoamerikako albisteak