Gizartea -

HERIOTZA

Araceli Tamayo hil da, maiatzean Afganistanen atentatu batean larri zauritutako bilbotarra

Maiatzaren 22tik Basurtuko Ospitalean zegoen 82 urteko emakumea, eta atzo arratsaldean zendu zen, EITBk baieztatu duenez. Estatu Islamiarrak Bamiyan hirian egindako erasoan zauritu zen. Atentatu hartan, hiru kataluniar eta hiru afganiar ere hil ziren.

Araceli Tamayo, artxiboko irudi batean.
Araceli Tamayo, artxiboko irudi batean.
Araceli Tamayo, artxiboko irudi batean.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araceli Tamayo hil da, joan den maiatzaren 17an Afganistanen izandako atentatu batean larri zauritutako bilbotarra. Erasoa izan eta bost egunera eraman zuten Basurtuko Ospitalera, eta bertan egon da ordutik. Haren familiak EITBri baieztatu dionez, atzo arratsaldeko 16:00ak inguruan zendu zen.

82 urteko bankako erretiratua, bidaiari amorratua zen Tamayo. Afganistan erdialdean dagoen Bamyan hirian zegoen bidaian, eta han harrapatu zuen Estatu Islamiarraren atentatuak. Berarekin batera zihoazen beste hiru turista kataluniar tokian bertan hil ziren, eta baita, beste hiru afganiar ere.

Hasieran, Kabulgo erietxe batean artatu zuten, eta han ebakuntza bat egin zioten. Bere egoera egonkortu zenean, hegazkinez ekarri zuten Euskal Herrira. Afganistango ospitalean zela, BBK-ko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko kideei mezua igorri zien Tamayok berak, eskerrak emanez. "Eskerrik asko zuen animoengatik. Mirari bat izan da. Orain, azkar errekuperatzea espero dut etxera lehenbailehen itzultzeko. Laster arte", zihoen.

Basurtuko Ospitalean ingresatu berritan, bertako osasun-arduradunek azaldu zuten emakumearen ''pronostikoa larria" zela, baina "klinikoki egonkor" zegoela. Azkenean, ia bi hilabete pasatxoren ondoren, atzo hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Bilbo Bizkaia Espainiako Gobernua Atentatuak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Afganistan