Gizartea -
gertakaria
Iruñeko San Jorge auzoan kalean bakarrik zebilen bi urteko neskato bat aurkitu dute
Antza denez, haurra senitartekoak konturatu gabe irten zen etxetik eta ez zuen itzultzea lortu. Polizia Agenteek 30 minutu inguruan auzoan gora eta behera ibili ziren azkenean, neskatoak kale bat eta portal bat identifikatu zituen arte.
EITB MEDIA
Polizia Nazionalak bi urteko neskato bat aurkitu du Iruñeko San Jorge auzoan noraezean, senide batzuen etxebizitzatik alde egin eta gero. Poliziak auzokide baten deia jaso zuen iragan ostiralean kalean bakarrik oinez zihoan adin txikiko neska bat ikusi zuela jakinarazteko.
Iruñeko Poliziaren Buruzagitza Nagusiak jakitera eman duenez, agenteak bertaratu ziren eta adingabea artatu zuten. Honek kontatu zien senide batzuen etxetik bakarrik atera zela.
Hain txikia zenez, ez zekien etxeko helbidea. Hori dela eta, agenteek 30 minutu inguru auzoan gora eta behera aritu ondotik, neskatoak kale bat eta portal bat identifikatu zituen.
Atea jo zuten eta etxeko bizilagunak, neskatoaren senitartekoak, zur eta lur geratu ziren haurra etxetik kanpo eta poliziaz lagunduta ikusi zutenean. Neskatoa senideak konturatu gabe irten zen, antza, etxetik.
Ez zen arduragabekeriarik izan
Agenteek jakin ahal izan dutenez, haurraren aita erosketak egitera irten zen eta itxura denez neskatoa atzetik atera zen, aita konturatu gabe.
Polizien ustez, gurasoek ez zuten arduragabekeriarik edo utzikeriarik izan, adingabea behar bezala zainduta eta elikatuta zegoelako. Hori dela eta, esku-hartzea ondoriorik gabe amaitu zuten.