Gizartea -

Bero-bolada

Casedan neurtu da Euskal Herriko tenperaturarik altuena, 38,4 ºC

Ia Euskal Herria osoan gainditu dira igandean 30 ºC-ak, baina are gehiago berotuko du astelehenean eta alerta laranja egongo da ezarria Hego Euskal Herrian eta horia Iparraldean.

Bero egin du gaur kostaldean ere. EFE.
Bero egin du gaur kostaldean ere. EFE.
Esako urtegia aukeratu dute batzuek 39 graduko tenperatura maximoari aurre egiteko

0:42

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenek ez dute hutsik egin, eta igandea egun beroa izan da Euskal Herri osoan. Ez alferrik, alerta laranjan dago Nafarroa, eta abisu horian EAE eta Iparraldea. 

Termometroek 15 eta 20 ºC artean markatzen zituztela abiatu da eguna, eta behin igotzen hasita, kosta zaio toki askotan goia jotzea. Ia denean gainditu da igandean 30 ºC-ko langa.

Casedan, Nafarroan, neurtu da tenperaturatik altuena, 38,4 ºC 15:30ean. Nafarroan bertan, 37,5 ºC neurtu dira Bardean eta 37,3 ºC Noaingo Aireportuan, Iruñean. 37 ºC horietatik oso gertu ibili dira Nabaskozen  eta Larragan, 36,8 ºC izan baitituzte bietan egunaren unerik beroenean. 

Nafarroatik kanpo ere, Araba hegoaldean, Zambranan, 37 ºC baino gehiago harrapatu dituzte, 16:00etan 37,6 ºC markatu baitu termometroak. 

Oñatin 35,3 ºC-ra heldu da merkurioa, eta Baionan 34 ºC-ra. Abetxukun 33,9 ºC neurtu dituzte termometroek, Galdakaon 32,5 ºC, Behobian 32,2 ºC eta Zorrotzan 31,5 ºC. 

Bero handia astelehen eta astearterako ere

Astelehenerako ere bero handia dago iragarrita. Aemetek alerta laranja mantenduko du Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan, 39 graduko maximoak espero baitituzte. Erriberan eta isurialde atlantikoan (Foru Erkidegoko bi muturrak) abisu horia izango da indarrean, tenperatura maximoak 37-38 gradukoak izango baitira Nafarroa iparraldean eta hegoaldean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere okerrena astelehenean iritsiko da, eta barnealde osoan alerta laranja ezarriko dute. Tenperatura maximoak 38 gradu ingurukoak izan daitezke isurialde atlantikoko barnealdean eta 37 gradu ingurukoak Ebro ondoko eskualdean eta iragaite-zonan. 

Iparraldean ere, abisu horia izango dute egun osoan, 30 ºC-tik gora helduko baitira termometroak egunaren erdialdean, eta gaualderako zertxobait freskatuko badu ere, ez dira 20 ºC-tik jaitsiko. 

Asteartean, berriz, alerta laranja egongo da Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Erriberan. Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan abisu horia egongo da, baita Bizkako kostaldean ere. Nolanahi ere, 35 ºC-tik gorako maximoak espero dira denean, eta 39 ºC-rainokoak Ebro inguruan.

Kostaldean, abisu horia egongo da indarrean bi egunetan, eta tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako herriak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Araba Alerta meteorologikoak bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Zuberoa azken ordukoa Bero-boladak Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko berriak