Gizartea -
Indarkeria matxista
Aske utzi dute Garesen sexu-erasoa egitea leporatuta atxilotutako gizona
Biktimak ez du salaketarik jarri oraindik, eta epaileak ez dio kautelazko neurririk ezarri atxilotuari. Foruzaingoak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du.
EITB Media
Aske utzi dute Garesen (Nafarroa) emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta larunbat goizaldean atxilotu zuten gizona, Iruñeko 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak aginduta. Kasu honetan, ez da kautelazko neurririk hartu atxilotuaren aurka, gertakarien biktimak ez duelako salaketarik jarri oraindik. Foruzaingoak ikertzen jarraitzen du.
Garesko aisialdirako lokal bateko komunetan sexu-erasoa jasan zuela jakinarazi zuen emakume batek larunbat goizaldean. Lokaleko segurtasun-langileek Foruzaingoari deitu zioten, eta agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, dantzalekuan bertan.
Foruzaingoak azaldu duenez, jendea ustezko erasotzailea jipoitzen saiatu zen.
Gaur, dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Garesen, erasoa gaitzesteko.