Gizartea -

ALERTA SUTEENGATIK

Nafarroan sute arrisku "oso handia" edo "muturrekoa" dago tenperatura altuen ondorioz

Larunbat honetan eta datozen egunetan txinpartak eragin ditzakeen jarduerarik egin behar izanez gero, arreta handiz jarduteko eskatu du Foru Gobernuak, indarrean dauden murrizketak gogoraraztearekin batera.

Nafarroako suhiltzaileek orain dela egun batzuk Ezkaba mendian, landare sute bat itzaltzen. EFE.
Nafarroako suhiltzaileek orain dela egun batzuk Ezkaba mendian, landare sute bat itzaltzen
Nafarroako suhiltzaileek orain dela egun batzuk Ezkaba mendian, landare sute bat itzaltzen. EFE.

AGENTZIAK | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, larunbat honetan Nafarroako zati handi batean baso-suteak izateko arriskua "oso handia" edo "muturrekoa" da. Hori dela eta, gaur eta datozen egunetan txinpartak eragin ditzakeen jarduerarik egin behar izanez gero, arreta handiz jarduteko eskatu du Foru Gobernuak.

Hala, Aemetek maila horia ezarri du larunbatean tenperatura altuak espero baitira: 37 graduko maximoak Nafarroako Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.

Datozen egunetarako ere maila horia ezarri du, tenperatura altuengatik; hala, iganderako, 38 graduko maximoak iragarri dituzte erdialdean eta Nafarroako Erriberan, eta 35 gradukoak Pirinioetan.

Abisu horiak astelehenean jarraituko du, 37 gradu harrapatuko baitira isurialde atlantikoan, 38 erdialdean eta Erriberan, eta 36 Pirinioetan.

Foru Gobernuak jakinarazi duenez, tenperatura altuez gain, eguneko hezetasun erlatiboaren beherakada orokorra espero da, eta gaueko hezetasuna aste honetan egunean zehar erregistratutakoa baino txikiagoa izango da.

Hori dela eta, Foru Erkidegoan datozen egunetarako espero diren tenperatura altuengatik baso-suteak izateko arrisku handia dagoela eta, kanpoan arreta handiz ibiltzeko deia egin du.

Hain zuzen ere, gaur, larunbata, Foru Erkidegoko zati handi batean baso-suteak izateko arrisku "oso handia" edo "muturrekoa" aurreikusten da, eta arriskua "muturrekoa" izango da Nafarroa osoan datorren astean, astelehenetik ostegunera gutxienez.

Indarrean dauden murrizketak

Oro har, ezingo da barbakoarik edo erromeriarik egin, ezta material piroteknikorik erabili ere, suteren bat izateko arriskua oso handia edo muturrekoa bada.

Gainera, Nafarroako hegoaldean, uda osoan (irailaren 30era arte) debekatuta dago aisialdirako sua erabiltzea, ezta horretarako prestatutako lekuetan ere (barbakoak edo kanpoko beste instalazio batzuk), sute-arriskuaren indizea edozein dela ere.

Halaber, ibilgailu motordunak ezingo dira baso-pistetatik eta landa-bideetatik erabili, baso-suteak izateko arriskua muturrekoa denean, salbuespen batzuekin betiere.

Ezingo da nekazaritzako makineriarik edo sute-arriskua sortzen duten ekiporik erabili arrisku maila gorria badago, erkidego osoan 42 graduko edo hortik gorako tenperatura maximoak espero direnean, edo 40koak Pirinioetan.

Nekazaritza- eta baso-lurrak erretzeko (betiere arrazoi fitosanitarioengatik uztondoak, ubideetako eta larrebideetako landaredia edo larre naturalak hobetzeko),  administrazioaren baimena beharko da beti, eta ezingo da inolaz ere egin sute-arriskuaren indizea oso handia edo muturrekoa denean.

Nola jokatu baso-suterik ikusiz gero

Baso-suterik ikusiz gero, SOS Nafarroari jakinarazi behar zaio 112 telefonora deituta, sutearen kokapena eta ezaugarriak zehazteko. Txikia bada, gomendatzen da sugarrak oinarritik itzaltzen saiatzea, ura, lurra edo zuhaixka-adarrak erabiliz. 

Sutearen tamaina dela eta ezinezkoa bada hurbiltzea, landaretza gutxien dagoen tokitik urruntzea gomendatzen da, eta bertatik alde egitea haizearen kontrako norabidean. Sutetik ihes egitea ezinezkoa bada, gomendatzen dute erretako gune edo soilgune bat bilatzea, ahoz behera etzatea eta arropa edo lur bustiarekin estaltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak