Gizartea -
Andre Maria Zuriaren jaiak
Gasteizen txosnak jarriko dituzte, nahiz eta Aldundiarekin TicketBAI sistemaren inguruan akordiorik ez lortu
Txosnen batzordeak abuztuaren 3an, larunbata, egingo den protestan parte hartzera deitu du. "Jai herrikoiak, gure izaeragatik, TicketBAIren aplikaziotik salbuetsita egon behar dugu", nabarmendu du berriro batzordeak.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Txosna Batzordeak iragarri duenez, Andre Maria Zuriaren jaietan txosnak jarriko dituzte, Arabako Foru Aldundiarekin akordiorik lortu ez duten arren, TicketBAI kobratzeko sistema ezartzeko eskatzen baitie.
Batzordeak txosnak ez jartzeko mehatxua egin zuen, baina azkenean jarri egingo dituztela jakinarazi du ohar baten bidez. Hala ere, "jai herrikoiak, gure izaeragatik, TicketBAIren aplikaziotik salbuetsita egon behar dugu", adierazi dute berriro.
Aldundiaren iritzian, nahitaezkoa da kontrol fiskaleko sistema hori duten fakturak egitea legezko salbuespenen barruan ez dauden txosnentzat ere: ez da derrigorrezkoa administrazio publikoek kudeatzen dituztenean, ez eta interes orokorra bilatzen duten irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat, ezta helbide fiskala Arabatik kanpo dutenentzat ere.
Gasteizko txosnek iragarri dute txosnak jarriko dituztela abuztuaren 3tik 9ra, eta antolatutako egitaraua aurrera eramango dutela, "Aldundiaren orain arteko borondate ezaren gainetik".
Gainera, "eraso honen aurkako borroka bere egiten duten pertsona eta kolektibo guztiei" abuztuaren 3an, larunbata, egingo den protestan parte hartzeko deia egin diete.