Gizartea -
Palestina
Gazatik etorritako adingabeak artatzen hasi dira EAEko ospitaleetan
Bederatzi adingabe eta horietako baten ama hartu dituzte Gurutzeta eta Donostiako ospitaleetan. Osakidetzaren ekimen humanitarioak gutxienez hiru hilabete iraungo du.
Mikel Dominguez | EITB Media
Osakidetza Gazako Zerrendatik etorritako 2 eta 14 urte bitarteko bederatzi adingabe palestinar eta horietako baten ama artatzen hasi da, ekimen humanitario baten barruan.
Osasun-arazo larriak dituzten adingabeak eta horien senideak ostegunean iritsi ziren Euskal Autonomia Erkidegora, eta gaur hasi dira Euskal Osasun Zerbitzuan artatzen.
Adingabeetako bost Gurutzetako Ospitalean ari dira artatzen, eta beste lau eta horietako baten ama Donostiakoan. Lehen balorazioen arabera, egoera kliniko egonkorrean daude eta ez dute ospitaleratu beharrik izan, baina Osakidetzak ez du baztertzen etorkizunean egin behar izatea tratamendua osatzeko.
Adingabeek askotariko patologiak dituzte, baina Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako eraso masiboaren ondorio dira guztiak. Osasun Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, "besteak beste, lesio traumatologikoak, erredurak, arazo neurologikoak, oftalmologikoak edo bihotzekoak dituzte". Artatutako amak osasun-laguntza neurologikoa behar du.
"Gure asmoa da ospitalez kanpoko azterketak, probak eta tratamenduak erraztea eta egitea, eta, ahal den neurrian, ospitaleratzea saihestea, egokitu ahal izan daitezen eta ahalik eta gehien egon daitezen familiarekin ingurune egoki batean", azaldu du Cristina Calvo Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Unitateko buruak.
Biktimak bonbardaketen eta suteen ondorioz tratatutako zauriekin etorri dira, baina hasierako traumatismoaren ondorio garrantzitsuak dituzte.
"Adingabeen hasierako balorazioa egin dugu, eta proba osagarriak eskatu ditugu azterketa osatzeko. Kasu batzuetan, beren jatorrizko ospitaleko proba batzuk dituzte, baina osatu egin nahi ditugu, emango diegun tratamendua optimizatzeko eta, batez ere, beraientzako tratamendu egokia definitzeko espezialistekin, ortopedekin, neurokirurgiarekin eta kirurgia plastikoarekin eta oftalmologiarekin", azaldu du Miguel Vazquez Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Ospitalizazio Pediatrikoko buruak.