Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Santiago zubia hodeitsu hasi da, larunbatean fronte bat sartuko da eta igande eguzkitsua izango da
Ostiralean egunsenti lainotsua izango dugu ipar partean, batez ere Kantauri aldean. Arratsaldea, berriz, eguzkitsua izango da.
EITB Media
Ostegunean ez da ia aldaketarik espero, eta asteazkenekoaren antzekoa izango da, oro har. Goizean hodeitsu egon da ipar partean, tarteka oso hodeitsu Kantauri aldean.
Arratsaldean ostarte garrantzitsuak irekiko dira, batez ere barnealdean eta giro eguzkitsua nagusituko da. Hegoaldean ia ez da hodeirik iritsiko egun osoan, bero-hodei batzuk soilik ager daitezke arratsaldean, garrantzirik gabekoak. Tenperaturan aldaketa gutxi: beroa hegoaldean eta giro leuna kostaldetik gertu.
Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da, ipar-mendebaldekoa nagusituko da, eta gauean bolada bortitz batzuk izango dira Araban. Tenperatura minimoek ez dute aldaketarik jasango, eta maximoek apur bat behera egingo dute.
Tenperatura minimoak 18 gradukoak izango dira Donostian, 19koak Bilbon eta 16koak Gasteizen; maximoak, berriz, Gipuzkoako hiriburuan 23 gradukoak, 25ekoak Bizkaikoan eta 28koak Arabakoan.
Kantauri itsasoan iparraldeko haizeak joko du bi-hiru indarrarekin, itsasoaren egoera itsaso kizkurretik itsaskira joango da eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa egongo da metro bateko olatuekin.
Ostiralean egunsenti lainotsua izango dugu ipar partean, batez ere Kantauri aldean. Arratsaldea, berriz, eguzkitsua izango da. Hegoaldean hodei gutxi egongo dira egun osoan.
Iparraldeko haize ahula nagusituko da, eta hego-ekialdeko haizeak sartuko dira Nafarroako hegoaldean arratsaldean. Tenperaturan ez da ia aldaketarik espero.
Larunbatean fronte batek bisita egingo digu eta arratsalde-gau partean prezipitazioak utziko ditu, batez ere lurraldearen ekialdean, baina ez dira litro asko pilatuko. Egunaren lehen partean ipar-mendebaldetik joko du haizeak, eta arratsaldean ipar-ekialdera etzango da. Tenperatura maximoa 22 gradukoa izango da Bilbon, 21ekoa Donostian, 23koa Maulen eta Gasteizen, 26koa Iruñean eta 34koa Tuteran.
Igandean, aldiz, tenperaturak gora egingo du berriro, eta uda giroa espero da.