Gizartea -

Palestina

Osakidetza eta Osasunbideak larri dauden Gazako 10 adingabe eta andrazko bat artatuko dituzte bihartik aurrera

Premiazko osasun beharrak dituzten bederatzi adingabek eta emakume batek osatutako taldea Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetara bideratuko dute. 10. adin txikiko bat Nafarroan artatuko dute.

Umetxo bat Gazako (Palestina) ospitale batean. Imagen: EITB
Umetxo bat Gazako (Palestina) ospitale batean. Imagen: EITB
Umetxo bat Gazako (Palestina) ospitale batean. Imagen: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Premiazko osasun-beharrak dituzten adingabe gazatarrak eta haien senideak ostegunean iritsiko dira Hego Euskal Herrira. Bederatzi ume, 2-14 urtekoak, eta emakume bat EAEn artatuko dituzte, eta Nafarroan, 10. adingabea. 

Osasun Sailak jakinarazi duenez, bost adingabe Gurutzetako Ospitalera bideratuko dituzte, eta beste bost, Donostia Ospitalera. Senitartekoak lagunduta iritsiko dira denak ere, eta tratamenduak dirauen artean eurekin egongo dira. 

Adin txikikoek askotariko patologiak dituzte: lesio traumatologikoak, erredurak, arazo neurologikoak, oftanmologikoak edo bihotzekoak.

Horrez gain, arreta neurologikoa behar duen emakume bat ere artatuko dute Osakidetzan. 

Espainiako Estatu osora 15 adingabe iritsiko dira, gehienak Israelen erasoetan zauritutakoak, baina badira paziente onkologiko bat eta bihotzeko gaixotasun bat duen beste bat ere.

Bidaia Osasun Ministerioak Munduko Osasun Erakundearekin (MOE) hartutako konpromisoaren ondorio da, Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuenez, eta Migrazio, Atzerri, Defentsa eta Barne ministerioek hartu dute parte.

Era berean, MOEk, Europako Batzordearen Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroak (ERCC ingelesez) eta Palestinako Haurrentzako Laguntza Funtsak lagundu dute ekimenean.

Haurrak, haien senideak eta Osasun eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioetatik bidalitako taldeak asteazkenean helduko dira Torrejon de Ardozeko aireportu militarrera, Espainiako Armadaren hegazkin medikalizatu batean.

Horrela, Medevac mekanismoaren baitan, lehen ebakuazio medikoa egingo da Gazatik etorritako paziente palestinarrekin.

Espainiako Estatuak aurreko Medevac mekanismoetan parte hartu du Ukrainatik eta Moldaviatik etorritako pazienteei laguntzeko, eta orain Europako lehen estatua da Gazatik ebakuatutako adingabe palestinarrak hartzen.

Datorren astetik aurrera antzeko misioak abiatzea espero da Belgikan, Norvegian eta Italian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Palestina Gurutzetako ospitalea Umeak Errefuxiatuak Donostia Ospitalea Gobernuz Kanpoko Erakundeak