Gizartea -
Sutea
Datozen orduotan erabakiko dute Mutrikun erretako eraikina eraitsi behar ote duten
Bost pertsona zauritu dira Mutrikuko alde zaharrean izandako sutean. Sugarrak ikusita, eraikin hori eta inguruko eraikinak hustu dituzte.
EITB MEDIA
Mutrikun suak hartu duen eraikina bota ala ez erabakitzeko itxaron egin beharko da, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak EITBri esan dionaren arabera. Hala ere, azaldu duenez, "oso kaltetuta dago eta argi dago osorik berritu beharko dela; kontua da, nola".
Hirugarren solairua eta teilatua erabat txikituta gelditu badira ere, agian, lehenengo eta bigarren solairuak salbatu ahal izango dira. "Teknikariek ikuskapenak egin behar dituzte, ikusteko ea egiturak berak zer joera hartzen duen", esan du. Izan ere, eraikinak egurrezko egitura du, eta suak bezainbesteko kaltea egin ahal izan dio itzaltzeko erabili den urak.
Beraz, 72 orduko epea jarri dute, momentuz, eraitsi ala ez erabakitzeko.
Alkatearen esanetan, lehentasuna orain herritarren segurtasuna bermatzea da, eta, ondorioz, kalea itxita egongo da oraingoz.
Bost pertsona zauritu dira Mutrikuko alde zaharrean izandako sutean. Sugarrak ikusita, eraikin hori eta inguruko eraikinak hustu dituzte.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sutea Mutrikuko alde zaharreko Barrenkale kaleko 6. zenbakian piztu da, hirugarren solairuan.
Kaltetuei dagokienez, bost pertsona zauritu dira, eta horietatik bi osasun zerbitzuek artatu behar izan dituzte, erredurak baitzituzten.
Horiez gain, eraikineko bizilagunak ere atera behar izan dituzte suhiltzaileek etxetik, eskailera komunitarioa behera erori baita.
Beste suhiltzaile batzuen laguntza behar izan dute sutea kontrolatzeko, eta Zarauzkoak, Eibarkoak eta Azpeitikoak bertaratu dira, Markinako eta Iurretako suhiltzaileez gain. Guztien artean, berehala hartu dute kontrolpean.
Oraindik ez dakite sugarrek zenbaterainoko kaltea egin duten, baina eraikinak kalte oso handiak dituela aurreratu dute.
Erortzeko arriskua
Sirenen zaratak ezustean harrapatu ditu mutrikuarrak, herriko jaien hasierako egunean. "Sirena hotsak sumatu dira, baina bestelako zeozer izango zela uste genuen", adierazi du Joseba Palenzuela alkateak.
Palenzuelak EITBrekin izandako elkarrizketan, erortzeko arriskua dagoela jakinarazi du: "Suhiltzaileek egoeraren lehen balorazioa egin dute. Oraindik goiz da, baina eraikina erortzeko arriskua dago (...) Bien bitartean, kalea itxi beharko dugu arrisku gehiago saihesteko ".
Behin-behinean ordezko etxebizitza behar
Eraikinaren bi aldeetan dauden eraikinetako bizilagunak ere atera egin dituzte etxetik, badaezpada, horietan ere ura sartu delako. Behar-beharrezko gauzak hartzera sartu ahal izan dira, baina ezingo dute pare bat egunean, behintzat, itzuli.
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mutrikuko Udala etxetik ateratako auzokideekin harremanetan dira, behin-behinean ordezko etxebizitza bat dutela bermatzeko. Hala ere, Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak aditzera eman duenez, momentuz bizilagunek ez dute halako laguntzarik behar, badutelako non eman gaua.
"Haiekin harremanetan gaude Aldundiko arduradunak eta Mutrikuko Udala, baina oraingoz ez dute behin-behineko etxebizitza baliabiderik behar", azaldu du Berasaluzek.