Gizartea -

ZAHARTZEA

Zaharrak diren saguen bizi-itxaropena % 25 luzatzea lortu dute gaixotasunik garatu gabe

Proteina inflamatorio baten blokeoak metabolismoa eta funtzio muskularra hobetzen ditu saguetan, eta, aldi berean, zahartze eta hauskortasun zantzuak murrizten ditu.

Sagu bat laborategian.
Sagu bat laborategian
Sagu bat laborategian.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaharrak diren saguen bizi-itxaropena % 25 luzatzea lortu du ikerlari talde batek. Gaixotasunik garatu gabe eta osasuntsu, gainera. Horreterako, hilero antigorputz jakin bat sartu zieten animaliei, injekzio bidez, eta ikerketek erakutsi dute IL11 izeneko proteina inflamatorioa blokeatuta, saguak osasuntsuago bizi direla, denbora gehiagoz: minbizia garatzeko aukera gutxiago dute, kolesterolaren adierazleak maila baxuagotan dituzte, eta giharrak, indartsuagoak. Halaber, zahartze eta hauskortasun zantzuak nabarmen murrizten dira.

Oraingoz, ez dakite gizakiengan zer-nolako eragina izango lukeen tratamendu horrek. Biriketako gaixotasun fibrotikoa duten pazienteekin saiakuntza klinikoak egiten ari dira hasierako fasean.

Singapurreko Dukeko Medikuntza Fakultateak gidatu du ikerketa, eta parte-hartu duten adituen arabera, IL11 proteina zahartzearen faktore nagusia da.

75 asteko saguek (55 urte inguru gizakietan) IL11 antigorputz baten injekzioarekin tratatuak izan ziren hil arte, eta horien batez besteko bizi-itxaropena luzatu egin zen: % 22,4 arrengan eta % 25 emeengan.

Tratamendua jaso zuten animaliak 155 aste bizi izan ziren, eta tratatu gabekoak, berriz, 120 aste. Datuok gizakietan aplikatuta, Espainiar estatuan, adibidez, bizi-itxaropena 104 urtera luzatzea esan nahiko luke (egun, 83 urtekoa da).

Zientzialariek ohartarazi dutenez, ikerketa horren emaitzak saguetan lortu ziren, eta gizakiengan tratamendu horien segurtasuna eta eraginkortasuna saiakuntza klinikoetan ezarri behar da. Hala ere, adierazi dutenez, "botikek adineko gizakiengan antzeko eragina izateko aukera tentagarria planteatzen dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak