Gizartea -
eguraldia
Araban eta Nafarroan iragarrita dagoen bero itogarriak alerta laranjan jarriko du gaur Erribera
Termometroek gora egingo dute, nabarmen, datozen orduetan, eta Euskalmetek abisu horia ezarriko beroagatik ostegun eta ostiral honetan, Arabako hegoaldean. Iragarpenak dio 35 graduak gaindituko direla.
A. S. | EITB MEDIA
Bero itogarria, 36-40 ºC arteko maximoekin. Hori da datozen egunetarako iragarri dutena Euskal Herriko hainbat puntutan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du beroagatik gaur, osteguna, Arabako hegoaldean. Nafarroan, oraindik are eta bero handiagoa egingo du eta Espainiako meteorologia agentziak alerta laranja ezarriko du Erribera, termometroa 40 graduren bueltan ibiliko baita. Lurraldearen gainerako tokietan abisua horia izango da indarrean ostegunean.
Kosta egin da, baina azkenean iritsi da uda honetako lehen beroaldia. Hala, 13:00etatik 20:00ra arte Euskalmetek abisu horia ezarriko du Arabako Errioxan muturreko tenperaturak tarteko. Litekeena da 36 graduko maximoak izatea ordu tarte horretan Arabako hegoaldeko zenbait herritan. Gainera, baso-suteen arriskuagatik ere abisu horia aktibatuko da eguerditik 22:00ak arte.
Foru Erkidegoan, bestalde, Aemetek abisu horia jarriko du indarrean 13:00etatik 20:00etara Pirinioetan eta Nafarroa erdialdean; izan ere, 36 gradura irits daiteke tenperatura. Erriberabeitian, berriz, bero gehiago egingo du eta alerta laranja ezarriko dute eguerditik aurrera, 40 graduko maximoekin. Iragarpenaren arabera, Tuteran edo Lodosan, adibidez, 39 gradurainoko tenperaturak espero dira.
Ostiralerako iragarpena
Ostiralean ere bero egingo du, eta Arabar Errioxan Euskalmetek abisu horiari eutsiko diola iragarri du arratsaldeko 13:00etatik 20:00ak arte. Baso suteen arriskuagatiko abisua ere mantenduko du.
Foru Erkidegoan, berriz, Nafarroako erdialdea eta Erribera abisu horian egongo dira 13:00etatik 20:00etara. Iruñean, adibidez, termometroak 35 graduak gaindituko ditu.