Gizartea -
Lapurdi
Hil egin da Baionako autobus geltokitik gertu izandako liskarrean larri zauritutako gizona
Istilua Baionako bestetan jazo zen, eta gizona berehala eraman zuten Baionako Ospitalera. Homizidio saiakera leporatu zioten oso larri zaurituta utzi zuen atxilotuari. Patrice Lanies hil eta ia urtebetera jazo zen liskarra, biak Baionako jaien testuinguruan.
EITB MEDIA
Baionan, Place des Basques autobus-geltokitik gertu izandako liskar baten ondorioz garun-heriotza egoeran zegoen gizona hil egin da.
Istilua Lapurdiko hiriburuaren bestetan gertatu zen, eta gizona berehala eraman zuten Baionako Ospitalera.
Hasiera batean hiltzat jo zuten, baina garun-heriotza egoeran zegoela argitu zuten gizona artatu zuten osasun arloko profesionalek.
Homizidio saiakera leporatu zioten oso larri zaurituta utzi zuen atxilotuari.
Jerome Bourrier Baionako fiskalak esan zuenez, biktima (58 urteko gizonezkoa) Ondresera bueltan zihoan autobusean, etxera, Baionako bestetan eguna pasa ostean. Mozkor zegoen, eta odol litroko 1,87 gramoko alkohol-tasa zuen. Akusatua, aldiz, 39 urteko guadalupetarra, ez zebilen festa giroan.
Bourrierrek prentsaurrean azaldutakoaren arabera, "biktimak ahoz iraindu zuen akusatua. Akusatuaren bikotekideak irain arrazistak aipatzen ditu. Autobusean zihoazela, giroa gaiztotzen joan zen, eta, une batean, bi gizonak autobusetik jaitsi ziren".
Behin kanpoan, akusatua biktimarengana zuzendu zen eta "bi kolpe bortitz" eman zizkion aurpegian.
Larrialdi zerbitzuek oso bizkor artatu zuten, artean konortea zuela, baina haren egoerak okerrera egin zuen oso azkar, fiskalaren hitzetan. Erietxera eraman zuten.
Erasotzaileak aurrekariak ditu, hamaika aldiz zigortu dute indarkeriagatik, eta apirilean atera zen azkenekoz espetxetik. Hori dela eta, behin-behineko espetxealdia eskatu du fiskalak harentzat.
Patrice Lanies hil eta ia urtebetera jazo zen liskarra, biak Baionako jaien testuinguruan. Etxera itzultzean bere eraikineko atean pixa egin zuen gizon batek hil zuen Lanies.