Gizartea -
Gertakaria Bizkaian
Bi pertsona erreskatatu dituzte mozkor eta hipotermia arinarekin, Lagako hondartzatik milia erdira
Guardia Zibilak asteazkenean jaso zuen abisua, 22:19ak aldera. Hala, gaueko ordu horietan ia zen argirik, eta, gainera, itsaskia areagotzen ari zen.
Agentziak | EITB Media
Joan den asteazken gauean, Laga hondartzatik (Bizkaia) milia erdira zegoen ontzi bateko bi tripulatzaile erreskatatu zituen Guardia Zibilak, mozkortuta eta hipotermia zantzu arinekin.
Guardia Zibilak gaur jakinarazi duenez, joan den asteazkenean, 22:19 aldera, Rio Lea patruila-ontziarekin inguruan lanen ari ziren agenteek abisu bat jaso zuten, Lagako hondartzatik gertu bi pertsona zeramatzan ontzi bat hondoratzen ari zela jakinarazteko.
Gaueko ordu horietan ia argirik ez zutenez, eta itsaskia areagotzen ari zenez, guardia zibilak Bermeoko portutik patruila-ontzi batekin abiatu ziren, eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren eta Itsas Salbamenduaren laguntza izan zuten.
Abisua jaso eta hamaika minutura, guardia zibilek uretatik 10 zentimetro ateratzen zen ontzia aurkitu zuten. Hori dela eta, berehala gelditu zuten motorra, ur gainean egon zitekeenari minik ez egiteko, eta isiltasuna baliatu zuten bidaiarien oihuren bat edo zarataren bat entzuteko.
Azkenik, ontzitik 50 metrora ikusi zituzten bi gizonak uretan, egurrezko ohol bati eta arraun bati helduta, laguntzeko keinuak eta oihuak eginez.
Itsasoan galdutakoak erreskatatu eta Guardia Zibilaren ontzian eraman zituzten Bermeoko portura, eta Itsasoko Gurutze Gorriak azterketa medikoa egin zien. Erreskatatuek hipotermia sintoma arinak eta mozkor-zantzuak zituzten. Hori dela eta, Ertzaintzaren patruila bat deitu zuten alkoholemia-proba egiteko.