Gizartea -
indarkeria matxista
Elkarretaratzea egingo dute gaur Ugaon emakume bati arma zuriz egindako erasoa salatzeko
Udalerriko mugimendu feministak deituta eta Udalaren babesarekin egingo dute bilkura, 19:30ean Herriaren Enparantzan. Ustezko erasotzailea espetxera bidali zuten atzo, giza hilketa saiakera egotzita.
EITB MEDIA
Ugaoko (Bizkaia) mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea dago gaur arratsaldean (19:00etan, Herriaren Enparantzan) igandean emakume bati arma zuriz egindako erasoa gaitzesteko. 35 urteko gizonezko batek andrazkoa hainbat aldiz sastatu zuen Usila industriaguneko dantzaleku baten kanpoaldean. Ustezko erasotzailea kartzelatzeko agindua eman zuen atzo epaileak, giza hilketa saiakera egotzita.
Erasoa salatzeko bilkura deitu du mugimendu feministak, eta Ugaoko Udalak bat egin du. Adierazpen instituzional batean, udalak gogor arbuiatu du erasoa, eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari. Halaber, biktimaren eskura jarri ditu arreta eta laguntza juridiko, sozial eta psikologikoko zerbitzuak, bai eta behar duen laguntza guztia ere.
Erasoa igande arratsaldeko 17:30ean izan zen, dantzaleku baten kanpoaldean. Dantzalekuko segurtasun kamerek grabatutako irudietan ikus daiteke gizonezkoa, geldirik dagoen auto batera gerturatu eta gidariaren alboko eserlekuan eserita eta atea zabalik duen emakumeari behin eta berriz labana batekin eraso egiten diola. Ondoren, pertsona bat korrika ageri da, eta erasotzaileak atzetik jarraitzen dio.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak dei bat jaso zuen gertatutakoaren berri emanez eta agenteak bertaratzean, dantzalekuko segurtasun langileek ustezko erasotzailea, 35 urteko gizonezkoa atxikita zutela ikusi zutela. Emakumea berriz, Gurutzetako erietxera eraman behar izan zuten bularraldean eta bizkarrean ebakiak zituelako. Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakumea eta gizona ez dira ez bikote ez bikotekide ohiak. Beraz, ez dira ari kasua genero indarkeria gisa ikertzen.