Gizartea -
Udalaren balantzea
1,8 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu dute sanferminetako ekitaldietan, iaz baino % 27 gehiago
Gainera, salaketak % 20 murriztu dira, batez ere lapurreten jaitsieragatik; atxilotuen kopurua, aldiz, % 10 igo da, 2023an 191 izatetik aurten 211 izatera igaro baitira. Bestalde, 24 sexu-eraso salaketa izan dira.
Agentziak | EITB Media
1,8 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu dute San Fermin jaietan antolatutako ekitaldietan, iaz baino % 27 gehiagok. Gainera, salaketak % 20 murriztu dira, batez ere lapurreten jaitsieragatik; atxilotuen kopurua, aldiz, % 10 igo da, 2023an 191 izatetik aurten 211 izatera igaro baitira.
Bestalde, 24 sexu-eraso salaketa izan dira, eta ustezko erasotzaileetako 23 atxilotu dituzte. Ukituen kasu baten egilea geratzen da atxilotzeke, azken gauean salatua. 24 kasuetatik sei sexu-erasoak izan dira eta gainerakoak, ukituak.
Horren berri eman dute gaur Kondestablearen Jauregian emandako prentsaurrekoan Joseba Asiron alkateak, Maider Beloki Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kirol zinegotziarekin eta Endika Alonso Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako zinegotziarekin batera.
Sanferminetako "izaera parte-hartzailea, herrikoia, jende asko erakartzea eta errespetua", azpimarratu du Asironek, eta espero du 2025ean "sanferminak are hobeak izatea".
Adierazi du, gainera, "bizikidetza" eman dela "modu integral batean ulertuta". Aldei horri garrantzi berezia eman zitzaion, San Ferminen aurretik, udal talde guztien artean manifestu bat sinatu eta 75 kolektiboren babesa jaso ondoren, jaiak "bizikidetzan, inklusioan eta errespetuan" garatzearen alde eginez.
"Hodei beltz batzuk"
Joseba Asironek balantze "positiboa" egin du, "oro har, hodei beltz batzuk eta hobetzeko gauzak ahaztu gabe". "Giro ona, lasaitasuna eta jendetza handia" nabarmendu ditu, baita parte-hartze "aparta, aurreko urteetan baino askoz handiagoa" ere, "kopuru errekorrarekin" hiri-garraioan, bi milioi bidaiatik gorakoa.
Bestalde, txupinazoaren jaurtitzailea bozka bidez aukeratuta "jai herrikoien bidea berreskuratu" dela uste du. Gainera, nabarmendu du gizarteko kolektiboek "protagonismoa berreskuratu" dutela eta "beren espazioak ezarri" ahal izan dituztela. Era berean, kultur egitarauaren ezaugarri nagusiak "aniztasuna, moldakortasuna eta publiko zabala" izan direla goraipatu du.
Sexu-erasoak, "gaitz ikaragarria"
Alkateak jaietan gertatu diren sexu-erasoak ere salatu ditu, "gaitz ikaragarria direlako, eta horiek desagerrarazteko lanean jarraitu behar dugulako". Gogorarazi duenez, "hau ez da Iruñearen, sanferminen edo jai-ereduaren arazo esklusiboa", baizik eta "gizartearen arazo bat da, gizarte gisa aurre egin behar dioguna".
"Sekula ez ditugu sexu-erasoak gure jaietan ezkutatuko, hori baita horien aurka borrokatzeko modu bakarra", ziurtatu du. Zentzu horretan, "alde horretatik hiri hau zeinen mentalizatua, mobilizatua eta konprometitua dagoen" azpimarratu du.
Hobetzeko alde gisa, "gizalegearen aurkako jokabideak saihesteko zerbitzu publiko gehiago martxan jarri beharra" eta "jaien jasangarritasunean eta birziklatzean lan egiten jarraitzea", aipatu ditu.