Gizartea -

migrazioa

Aita Marik 34 migratzaile erreskatatu ditu, tartean haurdun dagoen emakume bat eta hiru adin txikiko

Erreskatatutako pertsona gehienak Siriakoak dira. Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu du migratzaileak ontzi batetik ateratzen ari zirela tentsio uneak bizi izan direla; izan ere, gaua zen eta Libiako hiru ontzi agertu dira, eta bertan zeuden asko "aurpegiak estalita eta armatuta" zeuden.

Aita Mari, EFEren artxiboko irudi batean
Aita Mari, EFEren artxiboko irudi batean
Aita Marik 34 migratzaile erreskatatu ditu, tartean haurdun dagoen emakume bat eta hiru adingabe

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari ontziak 34 migratzaile erreskatatu ditu itsasotik igande honetan, tartean haurdun dagoen emakume bat eta bi adin txikiko. Horren arabera, "arrisku egoeran" zeuden ontzi batean zihoazenak guztiak.

Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar baten bidez jakinarazi du Mediterraneo erdialdean erreskatatutako migratzaileek Libiatik ihesi zihoan talde bat osatzen dutela, eta gehienak siriarrak badira ere, badirela tartean egiptoarrak, nigeriarrak eta bangladeshtarrak ere.

Osasunez pertsona guztiak "ondo" daudela nabarmendu ondotik adierazi du erreskatatuen artean bi emakume daudela eta horietako bat zazpi hilabeteko haurdun dagoela. Hiru adin txikiko ere badaude taldean.

Itsas Salbamendu Humanitariotik zehaztu dutenez, Italiako agintariek baimena eman diete Ravennan lehorreratzeko, Adriatiko iparraldean, eta gauzak ondo bidean, ostiralean iritsiko dira bertara.

Tentsio uneak

13. misioa da egiten ari dena Aita Marirentzako, eta oraingo honetan tentsio uneak bizi dituzte; izan ere, erreskatea egiterakoan, oraindik gaua zela, Libiako hiru ontzi agertu zaizkie bapatean, bertan zihoazen asko aurpegiak estalita eta armaturik. Ondorioz, tentsio uneak bizi izan dira eta pertsona batek uretara salto egin du. Berriz ere txalupan sartzea lortu dute.

Gerturatu diren hiru ontzietako bi han geratu dira, eta, erreskatea amaitzean, bi itsasontzi libiarretako bateko gizonak, bat-batean migratzaileak zihoazen eta ordurako hutsik zegoen ontzira salto egin dute, eta motorra martxan jarri eta ontzia eraman dute. Azkenaldian mafiek ontziak berreskuratzeko egiten duten praktika bat omen da, Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu duenez.

Itsas Salbamendu Humanitarioak bere oharrean gogorarazi du "Europak finantzatutako Libiako kostazainak erreskate-operazioak erraztu beharko lituzketela, eta ez, ordea, arriskuan jarri, bestalde, itsas mugetako herrialdeen errespontsabilitatea diren erreskateak direla".

Hala, Europako gobernuei eskatu die "asiloa bilatzen dutenentzat edo beren herrialdeetatik irten behar dutenentzat bide legal eta seguruak" gaitzeko, itsasoan edo giza eskubide oinarrizkoenak urratzen diren beste bideetan beren "bizitzak arriskuan jarri behar ez izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak GKEen albisteak Aita Mari Mediterraneo itsasoa gaur