Gizartea -
ERASOA
Epaileak espetxera bidali du Ugaon emakume bati arma zuriz eraso egin dion gizona
Udalak erasoa errefusatu du eta elkarretaratzea deitu du astearte honetarako, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
EITB MEDIA
Epaileak kartzelara bidali du igande honetan Ugaon (Bizkaia) diskoteka bateko aparkalekuan emakume bati arma zuri batekin bost aldiz eraso egiteagatik atxilotutako 35 urteko gizona. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, bularraldean eta bizkarrean ebakiak zituelako. Gizonari hilketa saiakera egozten diote.
Udalak gogor arbuiatu du erasoa, eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari. Halaber, biktimaren eskura jarri ditu arreta eta laguntza juridiko, sozial eta psikologikoko zerbitzuak, bai eta behar duen laguntza guztia ere.
Gainera, gaitzespen gisa, Udalbatzak Ugaoko mugimendu feministarekin batera bihar, uztailak 16, 19:00etan Herriaren enparantzan egingo den elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Erasoa atzo arratsaldeko 17:30ean izan zen, dantzaleku baten kanpokaldean. Dantzalekuko segurtasun kamerek grabatutako irudietan ikus daiteke gizonezkoa, geldirik dagoen auto batera gerturatu eta gidariaren alboko eserlekuan eserita eta atea zabalik duen emakumeari behin eta berriz labana batekin eraso egiten diola. Ondoren, pertsona bat korrika ageri da, eta erasotzaileak atzetik jarraitzen dio.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak dei bat jaso zuen gertatutakoaren berri emanez eta agenteak bertaratzean, dantzalekuko segurtasun langileek ustezko erasotzailea, 35 urteko gizonezkoa atxikita zutela ikusi zutela. Giza hilketa saiaketa leporatuta atxilo eraman zuten.
Epailearen aurrean noiz deklaratuko zain dago. Emakumea berriz, Gurutzetako erietxera eraman behar izan zuten bularraldean eta bizkarrean ebakiak zituelako. Ertzaintzak baieztatu digunez, emakumea eta gizona ez dira ez bikote ez bikotekide ohiak. Beraz, ez dira ari kasua genero indarkeria gisa ikertzen.