Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi hilketa matxista izan dira Katalunian eta beste bat Madrilen azken orduotan
86 urteko gizon bat atxilotu dute Saloun, 76 urteko emaztea hiltzea egotzita, eta beste emakume bat hil dute Sabadellen goizaldean. Horrez gain, gizon bat atxilotu dute Madrilen, Carabanchel auzoko etxebizitza batean emakume bat hil duelakoan.
agentziak | eitb media
Hiru emakume hil dituzte azken orduotan indarkeria matxistako hiru kasutan; horietako bi Katalunian eta beste bat Madrilen.
Esquadra Mossoek 86 urteko gizon bat atxilotu dute Tarragonako Salou udalerrian, 76 urteko emaztea hiltzea leporatuta, Poliziak berak jakitera eman duenez.
Kataluniako Poliziak zehaztu du atzoko 20:23an jaso zutela abisua, emakume bat Tortosa kaleko etxebizitza batean hilda zegoela ohartaraziz.
Bertaratu zirenean, emakumearen gorpua aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin, eta gizona atxilotuta eraman zuten.
Gainera, Esquadra Mossoak beste emakume baten hilketa ikertzen ari dira Sabadellen, eta indarkeria matxista kasu bat izan daitekeela uste dute.
Gorpuak indarkeria zantzuak ditu, eta ikerketa abiatu dute kasuaren nondik norakoak argitzeko, baina oraingoz sumarioa sekretupean dago.
Bestalde, gizon bat atxilotuta dago larunbat eguerditik Madrilen, Carabanchel auzoko etxebizitza batean emakume bat hil duelakoan.
Ikerlariak autopsiaren emaitzaren zain daude, genero-indarkeriarekin lotutako hilketa izan den egiaztatzeko. Atxilotuak 35 eta 40 urte bitartean ditu, hildako emakumeak bezala.