Gizartea -

2024KO SANFERMINAK

'Gaixoa ni' kantatu aurretik, bada aukerarik oraindik Iruñean festaren azken orduez gozatzeko

Azken entzierroa, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoien agurra, Kulturen Kalejira eta su artifizialak izan ondoren, festa amaierako abestiaren txanda helduko da, eta horrekin amaituko dira 204 orduz etenik gabe ospatu diren sanferminak.

Iazko 'Gaixoa ni'. EITB.
Iazko 'Gaixoa ni'. EITB.
Iazko 'Gaixoa ni'. EITB.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan, uztailak 14, 2024ko sanferminez gozatzeko azken eguna dute iruindarrek eta uztailaren 6an jaiak hasi zirenetik Nafarroako hiriburuan dabiltzan Iruñetik kanpoko herritarrek; izan ere, igandean egingo dira, besteak beste, 2024ko azken entzierroa, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra eta Kulturen Kalejira, eta egunari eta aurtengo jaiei amaiera emango dien "Gaixoa ni" abestia.

La Pamplonesa taldearen musikarekin hasiko da eguna. Erdiguneko kaleak girotuko ditu lehen orduetan, eta, ondoren, 08:00etan, zortzigarren eta azken entzierroa egingo da, azken hamarkadetako ohiturari jarraituz, Miura ganadutegiko zezenekin.

09:30ean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Ezpeleta Jauregitik irtengo da, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da ibilbidea Udaletxe plazan amaitzeko. 

10:45ean, Udalbatza udaletxetik San Lorentzo elizara abiatuko da, han San Ferminen Zortziurreneko elizkizuna egingo baita.

Zortziurrenaren ostean, hiriaren omenez eta Iruñeko alkatearen eta Udalbatzaren aurrean dantzatzeko Udaletxe plazara itzuli ondoren, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra iritsiko da. Iaz Gazteluko plazan egin bazen ere, aurten Udaletxe plazan egingo da berriro, betiko moduan. 

17:30ean, Mazedonia Kulturen Kalejiraren beste ekitaldi bat hasiko da, kultur aniztasunaren alde lan egiten duten elkarte, erakunde eta kolektiboetako 1.200 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Arratsaldeko azken orduan, jaietako haur eta gazteentzako guneak itxiko dituzte. 20:30ean itxiko dituzte Media Lunako Kirolari Sport Kids eta Takonerako Birjolastu guneak.

21:00etan, Askatasun plazan kokatutako Hauek festak hauek! gunea itxiko da, eta 22:30ean Foruen plazako musika-emanaldiak eta gazteen guneko jarduerak amaituko dira. 

Ixteko, su-festak eta 'Gaixoa ni'

Jaietako azken bi ekitaldi nagusiak, ohi bezala, su artifizialen jaurtiketa eta 'Gaixoa ni' izango dira.

23:00etan, Pedro Alonso Fernandez Vidal diseinatzaileak eta Pibierzo Pirotekniak bere lana erakutsiko dute, Nazioarteko XXIII. Su Artifizialen Lehiaketari amaiera emanez.

Eta uztailaren 6ko eguerdian Txupinazoarekin hasi ziren sanferminetako 204 orduei amaiera emateko, 'Gaixoa ni' abesteko ordua iritsiko da. Udaletxe plaza berriro beteko da aurtengo jaiei agur esateko eta 2025eko sanferminetarako atzerako kontaketa hasteko.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Udalbatzarekin batera, udaletxeko balkoira aterako da 'Gaixoa ni, gaixoa ni, hurrengo urtera arte ez da festarik' eta '1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo' kantuak abestera. Burgoen plazatik jaurtitako traka batek emango die amaiera jaiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Iruñeko Udala Iruñeko Alde Zaharra