Gizartea -
Gipuzkoa
Errenteriako eraikin batean piztutako suteak kalte handiak eragin ditu, baina ez da inor zauritu
Sua 16:35 aldera piztu da, Alfonso XI.a kaleko hainbat solairutako eraikin batean. Gutxienez, sei bizilagun erreskatatu behar izan dituzte; izan ere, teilatura igo dira garretatik babesteko. Ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak dira.
Agentziak | EITB Media
Errenteria (Gipuzkoa) erdiguneko eraikin batean larunbat arratsaldean piztutako sutea igande goizaldean itzali dute suhiltzaileek erabat. Ez da inor zauritu, baina 10 pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Aizpea Otaegi Errenteriko alkateak adierazi duenez, sutean ez da inor zauritu, baina "kalte materialak oso garrantzitsuak" dira eta bizilagunek etxetik kanpora pasa dute gaua. Guztira 18 etxebizitza hustu zituzten, eta bi familiak soilik behar izan dute Aldundiaren laguntza gaua non igaro ez zutelako.
Seigarren solairutik beherako bizilagunak gaur bertan etxera itzultzeko aukera izango dutela espero du alkateak, baina kaltetutako etxebizitzetako bizilagunentzat epe luzeagoko konponbide bat bilatu beharko dela erantsi du.
Sua 16:35 aldera piztu da, larunbatean, Alfonso XI.a kaleko hainbat solairutako eraikin batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Donostiako, Oriako, Urola Kostako eta Bidasoko suhiltzaileak bertaratu dira, eta, gutxienez, sei bizilagun erreskatatu behar izan dituzte; izan ere, teilatura igo dira garretatik babesteko. Suhiltzaileak garrak itzaltzeko lanean aritu dira gau osoan, eta goizaldeko bostak aldera lortu dute guztiz itzaltzea.
Suhiltzaileek teilatua tinkotu behar izan dute sua itzaltzeko lanean ari zirenean, eta azaldu dute suak Alfonso XI.a kaleko hiru atariri eragin diela, eta bizilagun guztiak atera behar izan dituztela etxetik.