Gizartea -
Egokitzapen zinematografikoa
Ortuellak Netflixi eskatu dio 1980an herriko ikastetxean gertatutako leherketaren "drama" ez filmatzeko
Netflixek hilaren hasieran iragarri zuen Fernando Arambururen 'El niño' eleberriaren moldaketa egiteko asmoa zuela. Liburuak tragedian hildako haur baten familiaren istorioa kontatzen du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ortuellako Udalak Netflix plataformari eskatu dio 1980an Marcelino Ugalde ikastetxean izan zen "dramari" buruzko "produkziorik" ez dezala egin. 50 haur eta 3 heldu hil ziren bertan gas-leherketa baten ondorioz.
Plataformak Fernando Arambururen El niño eleberriaren egokitzapen zinematografikoa egiteko asmoa agertu zuen, Mariano Barroso zuzendari gisa. Liburuak tragedian hildako haur baten familiaren istorioa kontatzen du.
Alderdi guztiek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Podemos) babestutako adierazpen instituzional batean, "errespetuz eta enfatikoki, gure herriak iraganean bizi izan zuen dramari buruzko film edo ikus-entzunezko produkziorik ez egiteko" eskatu du Udalak.
"Erabaki hori aho batez hartu du gure herriak, gure historia eta pribatutasuna babesteko dugun nahi kolektiboa islatuz", azpimarratzen du adierazpenak.
Gainera, "gure egoeraren sentsibilitatea eta gure historiaz eta bere hedapen publikoaz erabakitzeko dugun eskubidearen garrantzia" kontuan hartzeko aldarrikatu dute.