Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat kartzelan sartu dute, Iruñean bikotekide ohiaren etxeari su emateagatik

Gizonak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik eta beste delitu batzuengatik. Are gehiago, emakumearengandik urruntzeko agindua du.

Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean
Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumearen kontrako indarkeriaren arloko Iruñeko lehenbiziko epaitegiak gizon bat behin-behinean espetxera bidali du, bermerik gabe, uztailaren 6an, sanferminetako lehen egunean, bikotekide ohiaren etxebizitzari su ematea leporatuta.

Sutea eragiteaz gain, hainbat delitu egotzi dizkiote gizonari, tartean, etxean indarrez sartzea, urruntze agindua urratzea, eta hertsatze delitua.

Behin betiko txostenen zain, kasua ikertzen ari diren agenteek epaileari helarazi diotenez, sua "argi eta garbi nahita eragindakoa" izan da eta "hainbat foku posible" aurkitu dituzte.

Jendea bizi den etxe bati sua emateagatik 10 eta 20 urte arteko zigorra ezarri diezaiokete, eta beste baten etxean indarrez sartzeagatik eta urruntze agindua behin eta berriz urratzeagatik ere bai.

Magistratuak aintzat hartu du, batetik, akusatuak espetxe zigor eskaera handiari aurre egin beharko diola, eta, bestetik, aurrekariak dituela indarkeria matxistagatik eta beste delitu batzuengatik. 

Halaber, epailearen ustez, frogatuta gelditu da urruntze agindua ez dela nahikoa izan biktima babesteko, eta bere bizitzarako arrisku "nabarmena" dela gaineratu du.

Ebazpen judizialak egindako kontaketaren arabera, gizona bikotekide ohiaren etxean sartzen ahalegindu zen uztailaren 6an, 17:00ak aldera, giltza erabilita. Salatzaileak berak aurkeztutako grabazioak eta lekuko batek ere berretsi dute. 21:00ak aldera, emakumea etxetik atera zen, eta 23:00ak aldera, biktimaren etxebizitzan sutea piztu zela jakinarazi zieten Iruñeko Udaltzaingoari eta suhiltzaileei. Emakumeak, bere aldetik, "dena itzalita" utzi zuela azpimarratu zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Nafarroan Sanferminak Gizartea Indarkeria matxista Eguneko albisteak Albisteak