Gizartea -
Osakidetza
Bihotzeko Kirurgia Zerbitzu bakarra izango da Bizkaian, Basurtun eta Gurutzetan egoitza banarekin
Alberto Martinez Osasun sailburu berriak azaldu duenez, zuzendaritza bakar baten menpe egongo dira bi egoitzak, eta itxaron zerrenda bateratua izango dute. Akordioa lortuta, auzitara jo zuten Basurtuko Ospitaleko kardiologoek helegitea erretiratu dute.
EITB Media
Alberto Martinez sailburu berria buru duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du Bizkaian Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua bakarra eratzea, eta horrek bi egoitza izatea: bata, Basurtuko Ospitalean (Bilbo), eta bestea, Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo). Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du akordioa itxi duela bi zentroetako arduradunekin, eta horri esker, aurreko legegintzaldian sortutako gatazka —Sagarduik Basurtuko zerbitzua Gurutzetara eraman nahi zuen, eta kontra azaldu ziren Bilboko ospitaleko profesionalak— konpondu duela.
Martinez berak azaldu du adostutakoa. Bi egoitzek lanerako irizpideak berberak izango dituzte, eta zerbitzu eta zuzendaritza bakar baten menpe egongo dira bi taldeak. Kirurgietarako itxaron zerrenda bateratua izango dute, gainera.
Sailburua "pozik" agertu da akordioarekin, eta azpimarratu du "zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, etorkizunari bermez heltzeko, zaintzen gaituztenak zaintzeko eta gure osasun-sistema publikoaz harro egoten jarraitzeko biderik onena dela".
Martinezen hitzetan, azken helburua da "zerbitzu bikaina lortzea, Bihotzeko Kirurgiako ebakuntza behar duten pazienteentzat ahalik eta emaitzarik onenak bermatuko dituena, bai egungo zerbitzuen zorrorako, bai gaitasun handiko zerbitzu batek garatu beharreko teknika konplexuagotarako ere".
Sailburuak eskerrak eman dizkie publikoki Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetako Kardiologiako eta Bihotz Kirurgiako profesionalei, aurkeztutako adostasun-proposamenari egindako harreragatik.
"Proposamen horrek, aldeen borondateari esker, aurreko eskaerak desaktibatzen ditu eta eskaera horiek orain akordio honetan gauzatzen dira. Izan ere, akordio hori onuragarria da herritarrentzat, argi eta garbi", erantsi du.
Basurtuko ospitaleko kardiologoak ere "pozarren" agertu dira erabaki horrekin. Jesus Daniel Martinez Alday kardiologoak adierazi du neurri hori guztiontzat, herritarrentzat eta profesionalentzat, "onuragarria" dela. Osasun Saileko eta Osakidetzako kudeatzaile berriek erabakia azkar hartu dutela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie guztiei emandako babesagatik, "batez ere ostiralero protestetan elkartzen ziren herritarrei".
Erabaki honekin Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuan sortutako gatazka konpondu du Sailak. Gotzone Sagardui aurreko Osasun sailburuak zerbitzua Gurutzetako Ospitalean bateratu nahi zuen. Asmo horren aurka salaketa aurkeztu zuten Basurtuko 34 kardiologok, zerbitzuburu ia guztiek, eta Gasteizko epaile batek tramitera onartu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia berretsi: auziari buruzko behin betiko ebazpena kaleratu bitartean, bertan behera utzi zuen Basurtutik Gurutzetarako lekualdatzea. Behin akordioa lortuta, epaitegietan zuten helegitea erretiratu zuten atzo kardiologoek.