Gizartea -

sanferminak

Ziztu bizian eta oldarkor egin dute debuta Domingo Hernandezen zezenek

Iruñeko jaietan estreinakoz aritu dira bakarka Salamancako ganadutegiko animaliak eta 2 minutu eta 13 segundoan burutu dute ibilbidea. Erorketa asko eta tentsio une ugari izan dira, batez ere Estafetan. Zazpi lagun zauritu badira ere, bakarra erietxeratu dute.

Salamancako ganadutegiko zezenak, gaur. EFE
Salamancako ganadutegiko zezenak, gaur.
Domingo Hernandez Martin ganadutegiko zezenek 2024ko lasterketarik azkarrenarekin egin dute debuta

2:12

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanferminetako entzierroetan bakarka —beste ganadutegi batekin batera izan dira aurretik— parte hartzen zuten lehen aldia zen gaurkoa Domingo Hernandez ganadutegiko zezenentzat, eta debut txukuna egin dutela esan genezake. Oso arin, 2'13''ko denboran, osatu dute ibilbidea (aurtengo entzierrorik azkarrena izan da, Fuente Ymbrokoen ostetik). Bizkortasun horrek markatu du lasterketa, eta eroriko asko izan dira. 

Hala, lehen balantzearen arabera, zazpi pertsona zauritu dira: hiru Mercaderesen, bi Telefonican eta azken biak, zezen plazan. Dena dela, bakarra eraman dute ospitalera. 

Ukuiluetatik atera, eta aitaren batean heldu dira zezenak Udaletxera. Zezen beltz batek aurrea hartu die kideei, eta ezker-eskuin, eraso eginez jardun du. Zorionez, ez du inor adarkatu. Estafeta kalera iritsita, hiru animalia gorri eta, atzerago, beste beltz bat batu zaizkio lehendabizikoari. Beste behin, lasterketa politak ikusi ahal izan dira zati honetan, baita eroriko ugari ere. 

Tentsioak gora egin du kalezulora heltzean, eta zezenetako batek korrikalari bat adarra sartu dio ia. 

Zauritutakoei dagokienez, azkenean zazpi lagun artatu dituzte, ia denak kontusioengatik. Bi korrikalarik deformazidun kontusioak izan dituzte, beste batek deformazio gabekoa, beste bik aurpegi-masaileko kolpeak eta azken batek, zauria. Dena dela, horietatik bakarra eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Carlos Ibero medikuak zehaztu duenez. Mercaderes zatian jausi den 56 urteko korrikalari bat da, garuneko traumatismoa duena (Mercaderes). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Sanferminak Iruñean Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Ospitale Gunea