Gizartea -
ERASOA
Kristalezko botila batekin besoan zauri larriak egin dizkio gazte batek ertzain bati, Gasteizen
Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Gasteizen, kristalezko botila batekin ertzain bati zauri larriak eragiteagatik.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Gasteizen, kristalezko botila batekin ertzain bati zauri larriak eragiteagatik.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezkoa identifikatzera zihoazenean gertatu da erasoa, Arriagako Atea kalean. Ertzainei mespretxuz hitz egiteagatik identifikatu dute, eta une horretan, modu bortitzean jokatzen hasi da, sailak ohar batean azaldu duenez. Orduan, apurtutako kristalezko botila batekin eraso egin dio ertzain bati, eta ihesi abiatu da Alde Zaharrerantz. Han aurkitu du Ertzaintzak, teilatu batera igota.
Ertzainak besoan ebaki sakona du, eta osasun zentro batera eraman behar izan dute. Ebakuntza egin beharko diotela jakinarazi dute. 27 urteko erasotzaileak aurrekariak ditu, eta epailearen aurrera eramango dute.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak gaitzetsi egin du ertzainak jaso duen erasosa. Ohar batean, herritarren segurtasuna bermatzeko egunez egun lan egiten duten ertzainen aurkako edozein eraso gaitzetsi du. Halaber, Zupiriak bere elkartasuna adierazi dio zaurituari eta lehenbailehen sendatzea opa dio.