Gizartea -

Jaiak

Hiriko giltzak botatzearekin, gaur hasiko dira Baionako Bestak

17:00etatik aurrera, gustu guztiak asetuko dituen egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute baionarrek igandera bitartean. Parisko Olinpiar Jokoak medio, bi aste lehenago (uztailaren 10etik 14ra) ospatuko dira aurten Lapurdiko hiriburuko jai nagusiak.

Leon Erregea azaltzearekin batera hasiko dira Baionako Bestak.
Leon Erregea azaltzearekin batera hasiko dira Baionako Bestak.
Leon Erregea azaltzearekin batera hasiko dira Baionako Bestak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena prest dago arratsaldeko 17:00etan Baionako Bestak has daitezen. Hiriko giltzak Askatasunaren plazan bildutakoei jaurti eta Leon Erregea azaldu orduko, lehertuko da jaia Lapurdiko hiriburuan.

Berrikuntzaz beterik datoz aurten Ipar Euskal Herriko jai nagusiak. Hasteko, uztailaren 10etik 14ra bitartean ospatuko dira, ohikoa dena baino bi aste lehenago, Parisko Joko Olinpikoekin bat egin ez dezaten. Bestei hasiera emateko ekitaldiaren ordua ere berria da. Herriko Etxeak bost ordu aurreratu du ekitaldia; 22:00etan izatetik 17:00etara igaro da, "bertaratuko direnen segurtasuna" bermatzeko helburuarekin.

Behin bestari hasiera emanda, gustu guztiak asetuko dituen egitarau zabala izango da bost egunez. Mota guztietako musika, dantza, ikuskizun, lehiaketa eta ekitaldiak izango dira hiriko txokoetan. Besteak beste, aipatzekoak dira goizeroko Leon Erregearen Gortearen desfilea, pilota erakustaldiak, egunero eguerdian izango diren abesbatzen emanaldiak, behi-lasterketak edota gaueroko kontzertuak eta dj-en emanaldiak.

Ekitaldi guztietan ikusgarrienetakoa izango da larunbat gaueko 22:00etatik aurrera San Izpiritutik abiatu eta hirian zehar ibiliko den Corso Argitsua.

Bestetako egun bakoitza gai baten inguruan antolatu dute. Hala, asteazkena hasiera eguna izango da, osteguna haurren eguna, ostirala elkarteen eguna, larunbata ohituren eguna eta igandea amaiera eguna.

Azkenik, feria-eremua ere aldatu egin da oraingoan. Postuak Boufflers etorbidean eta Charles de Gaulle aparkalekuan jarri dira.

Eskumuturrekoa

2018az geroztik, Pass Fêtes izeneko eskumuturrekoa beharrezkoa da bestetako gunera sartzeko. Aurten, ostiraleko 10:00etatik igandeko 24:00ak arte eraman beharko da. Soilik salbuetsita geldituko dira baionarrak, Baionan lan egiten dutenak eta 16 urtetik beherakoak.

Eskumuturrak 15 euroko prezioa izango du eta internet bidez, Baionako bost postetxetan edota Turismo Bulegoan erosi daitezke. Asteazkenean eta ostegunean doakoa izango da besta gunera sartzea.

Jaiak errespetuz

Azken urteetan bezala, jaiak errespetuz gozatzeko deia egin du Herriko Etxeak. Alde batetik, sexu-erasoen aurkako kanpaina jarri dute martxan Ezetz denean, ezetz da! lelopean. Biktimak entzuteko eta informatzeko gunea Unibertsitatearen ondoan ezarri dute. Horrez gainera, "Safe Toki" edo babeslekuen logotipoa duten hainbat ostatu edo saltokitan laguntza eskatu ahal izango da.

Bestetik, alkohol eta droga gehiegikeriaren aurkako kanpaina ere zabaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Baionako bideoak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Lapurdiko berriak